Moriarti ekoiztetxearen La trinchera infinita lanak sei sari eskuratu ditu Donostia Zinemaldian; horien artean, Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra, Gidoi Onenaren saria eta euskal ekoizpenak saritzen dituen Irizar saria. Urriaren 31n estreinatuko dute zinema aretoetan.
Ezeren aurretik, zorionak!
Eskerrik asko!
Sari garrantzitsuak jasotzeaz gainera, ikusleen partetik ere harrera ona izan duzue. Pozik egoteko moduan zaudete.
Gustura gaude, bai: Fipresci kritikarien saria jaso dugu, hori oso garrantzitsua da guretako; Feroz saria ere bai, kazetariena, eta gero, ikusten dugu kritikariek eta epaimahaikideek oso kontuan hartu dutela, baina, era berean, nabaritzen dugu jende asko etorri zaigula zoriontzera. Zentzu horretan, sentitzen dugu filma indartuta atera dela Zinemalditik; jaialdiak onerako zein txarrerako fokua jartzen du, eta gure filmaren kasuan ematen du asko gustatu dela.
Zinemaldian sariak jaso gura izaten da, noski, baina jendearen inpresioek zuengan eragina izango du, ezta?
Bai; hilabete barru, aretoetan estreinatuko dela kontuan hartuta, jendeak baloratuko du filma eta horren arabera gomendatuko du filma ikustera joatea edo ez…; hori oso garrantzitsua da guretako. Filma egiten ari zarenean azpitik duzun motorra da ea lortuko duen jendeari transmititzea; izan ere, helburu nagusia beti da hori, jendearengana heltzea.
Eta Zinemaldian sari horiek lortzea zer esan gura du, nazioartean oihartzun edo bide bera har dezaketela?
Bai; dagoeneko ari gara nabaritzen, atzerriko banatzaileen eskutik filma ikusteko gogoa eta kanpoan estreinatzeko aukerarik dagoen aztertzeko, Frantzian, adibidez. Oso banatzaile potenteak hurbildu zaizkigu; horregatik, duda barik, pelikularen prestigioarentzat oso garrantzitsuak dira sari horiek. Gidoiarena eta zuzendaritzarena biak batera emanda, bultzada osoa ematen dio lantaldeari.
Donostia Zinemaldia gertukoa dugu eta ahaztu egiten zaigu, akaso, daukan dimentsioa?
Hori da! Munduko laugarren jaialdia da, sekulako merkatua du atzean, industriako jende asko etortzen da jaialdira, sail asko daude… Gertu dugu eta ez dugu baloratzen. Uste dut Zinemaldiak oso ondo egiten duen gauza bat dela ederto konbinatzen dituela, batetik, daukan Sail Ofizialean, Zinemiran zorroztasun maila, eta, bestetik, edo aldi berean, proiektu arriskatuagoei lekua egiten diete jendeak ikusi ahal izateko; eta, zentzu horretan, uste dut oso ondo asmatzen dutela. Gu ere Sail Ofizialean egon aurretik, Zinemiran eta Zabaltegin izan gara aurrez, eta sekulako bozgorailua da; hala ere, ez pentsa horietan aukeratzeko zorrotzak ez direnik, gipuzkoarrak izateagatik ez dugu erraztasun berezirik. Aurten Debagoienetik hiru zuzendari egon gara eta esperantza daukat gehiago ere izango direla. Oreka ezinezko hori lortzen dute; eta hor dago arrakasta, zortzi egunetan, milaka sarrera salduta!
Zer diozu Debagoienaren eta Zinemaldiaren arteko loturari buruz?
Lehen aipatu dugun sarrera kopurutik asko eskualdetik joandakoenak ziren. Hemengo jende askok esan dit filma ikusi duela. Interes handia sortzen duen ekitaldia da, eta sarrera gehienak Gipuzkoan erosten dira. Bide batez, zoriondu nahiko nuke zuen lankide Imanol Gallego egiten duen lanagatik eta Goienari eskerrak eman Zinemaldiari egiten dion jarraipenagatik; uste dudalako nolabait bilatu duela Debagoiena Zinemaldiarekin lotzeko beta bat, batzuetan handiegiak diren ekitaldiak txikitasunetik begiratuta badirudi lortu ezinak direla; baina, askok esan didate zuen bideoak ikusi dituztela. Jarraitu holako kobertura ematen, ikusten ez diren gauza asko erakusteko
Filma urriaren 31n estreinatuko da; horri begira zaudete orain?
Hori da lehenengo pausoa, zinema areto komertzialetako estreinaldia; eta orain, promozio lanetan sartuko gara, nolabait, gure lana saltzen, eta hortik aurrera ikusiko da jendeak nola erantzuten duen, Zinemaldiak, beste behin, filmari bultzada eman diola uste dut.
Eta hortik aurrera baduzue pentsatuta nola jarraituko duzuen?
Ikusiko da. Aho txikiarekin diotsut, ez dakigu eta. Gure asmoa izango litzateke estreinatu ondoren beste jaialdi batzuetara aurkeztu ahal izatea, Goya sariak ere hor daude… ikusiko da. Era berean, inguruan dauden filmek zer egiten duten ere eragiten dute gauzak modu batera edo bestera egitera... Ilusionatuta gaude. Egia da nekatuta bukatu dugula, baina oso pozik gaude izan dugun harrerarekin.
Kanpoko eta barruko sariak
Epaimahai ofizialaren sariez gain, kritikarien Fipresci, kazetarien Feroz eta euskal ekoizpenen Irizar ere jaso zituzten.
Azken horretan, Aipamen Berezia egin zioten Iban del Camporen Glittering Misfits dokumentalari.