Haurrei eta gazteei zuzendutako ekintzek izango dute beren lekua jaietako egitarauan, urtero legez. Txikienek egunero izango dute zer egin, eta bereziki, Gazteen Eguna ospatuko dute gaur; zehazki, 12-18 urte bitartekoei zuzendutakoa. Gaztelekuko arduradunen laguntzaz baliatuta prestatu dituzte ekintzak, oro har, haiek izan baitira proposamenak egin eta antolakuntza lanetan aritu direnak, bertako arduradun Jon Lopezek adierazi duenez: "Gazteek taldeak sortu eta ardurak banatu dituzte, bakoitzak zerbaitetan lagundu eta parte har dezan".
100 lagun inguru bazkaltzeko
Goizeko hamaiketan elkartuko dira, Olaiturrin, eta bertan ekingo diote goizerako antolatutako plangintzari. Besteak beste, Humor amarillo telebista saioan ikus zitezkeen jolasak egingo dituzte, eta ur jolasak egiteko asmoa ere badute. Horren ostean, gazteleku ingurura gerturatu eta beraiek prestatuko platerak dastatzeko aukera izango dute, galdutako indarrak berreskuratzeko. Lopezek azaldu moduan, oraindik "zehazteke" dago zenbatentzako jana prestatu beharko duten, baina bazkaltzeko 100 bat gazte elkartuko direla uste dute, iaz bezala. Gaztelekuan bertan prestatuko dute otordua horretarako ardura hartu dutenek, baina, eguraldia lagun izanez gero, kanpoan bazkalduko dute. Azkenik, musikaz lagunduta ekingo diote arratsaldeari. 13-14 urte bitarteko bost gaztek sortu berri duten Xuxuma erromeria taldeak kontzertua eskainiko du bertaratutako guztientzat. Emanaldia gaztelekuan izango da, eta taldea arduratuko da arratsaldea girotu eta egunari amaiera borobila emateaz.
Ekintza gehiago
Bestalde, urriaren 6an, Errosarixo Egunean, haur parkea jarriko dute Etxaluzen, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Egun berean, arratsaldeko seietan, familientzako Zirkobira kalejira ere egongo da. Buruhandiak eta erraldoiak, gainera, kaleetan arituko dira jai guztietan zehar.