Txantxikua jaitsi aurretik hasiko dira sanmigelak

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko ira. 27a, 09:24

Eibarko Su Ta Gar taldeko kideak (Argazki: Su Ta Gar)

Txosna batzordeak antolatu duen bikoizketa txapelketara 116 lan aurkeztu dituzte, eta jendetsua izango da iluntzean egingo den bideo emanaldia. Gauean, Su Ta Gar taldearen gitarra eta bateria hotsa entzungo da plazan, eta bihar danborrena kaleetan.

Txantxikuaren jaitsieraren zain egon barik, indartsu hasiko dira aurtengo jai nagusiak. Egitarauan datorren bezala, Eibarko Su Ta Gar taldearen kontzertua egongo da gaur, egubakoitza, Foruen plazan, 23:00etan.

Lehen asteburua

Baina Su Ta Garrek ez ezik, Txosna Batzordeak lehenengo aldiz antolatu duen bikoizketa txapelketak ere jende asko erakarriko du. Izan ere, 116 lan aurkeztu dira, guztira, eta horien bideo emanaldia eta sari bana-keta gauean, 21:30ean, egingo dute txosnagunean. Lau sari banatuko dituzte, guztira, hiru epaimahaiak erabakiko ditu eta laugarrena publikoaren saria izango da. Azken hori bideoak jasotako atsegite kopuruak erabakiko du. Bikoizketa txapelketak Instagramen duen kontuan daude bideoak. Zapatu gauean izango da nagusien danborrada, eta domekan, ohiturari jarraituz, Lazarraga jauregian emango du kontzertua Musika Bandak. Olaitturrik urtero jaietarako prestatu izan duen herri antzezlana ere domekan da, eta astelehena gazteen eguna izango da. Astelehenera arteko laburpen bat baino ez da. Egitarau osoa agendan dago ikusgai.

Errespetua

Bi asteburutan ospatuko dira San Migel eta Errosario jaiak, eta ospakizun hauek "errespetuz" gozatzeko dei egin du Udalak. Berdintasun batzordeak, gainera, jaietan gerta daitezkeen eraso sexisten prebentziorako eta erantzuna hobetzeko kanpaina abiatu du. Helburua da, batetik, herritarren sentsibilizazioan eragitea, erasoen prebentzioan aurrerapausoak ematen jarraitzeko, eta, bestetik, gerta daitezkeen erasoen aurrean baliabideak eskaintzea. Herriko jaietan, "herritar guztien askatasun eta segurtasunerako espazioak bermatu" gura ditu Udalak. Sare feministak ere, txosna batzordearekin elkarlanean, txosnagunean gerta daitezkeen erasoei aurre egiteko protokoloa garatu du. Bide horretan, irailaren 27an eta urriaren 5ean, informazio-gune bat egongo da, Kale Zaharrean, eta telefono bat jarri du Udalak: 688 62 12 13. Jaiegun guztietan egongo da zerbitzua martxan, 20:00etatik 10:00etara.

Udaltzaingoak jakinarazi duenez, egubakoitzetik astelehenera, biak barne, jaiegunetako erabilera bera izango du Zazpibidetako bidegurutzeak, asteburu honetan eta hurrengoan. Jaiegun horietan, udaltzainen zerbitzua ere luzeagoa izango da: 07:00etatik 02:30ak arte, hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak