Autoak prest dituzte Udanako auto igoera egiteko

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko uzt. 26a, 08:00

Bihar, zapatua, jokatuko dute Udanako auto igoera, XIV. aldiz. Euskal Herriko auto gidari onenetakoak izango dira Udanan, txapela nork jantzi lehiatzen. Euskadiko eta Gipuzkoako mendi lasterketarako puntuagarria izango da.

Autoen burrunba goizean hasiko da: 09:30etik 11:30era, autoen egiaztapen administratiboak eta teknikoak egingo dituzte plazan; 12:30ean, autoak karabanan igoko dira Olabarrietara, irteera puntura. Entrenamendu saioak 14:00etan hasiko dituzte.

Bi entrenamendu saio

Aurtengo auto igoerak berrikuntza bat izango du: "Normalean, hiru saio izaten dira; horietatik bi, ofizialak. Bada, aurten, bi entrenamendu saio egingo ditugu eta beste bi saio ofizial. Saio ofizialetako emaitzak dira sailkapenerako balio dutenak", azaldu du Ruben Nogueiras antolatzaileak. Probak 4,460 kilometroko luzera du. Ibilbidea zelakoa den galdetuta, zera dio Nogueirasek: "Bi zati ditu ibilbideak. Beheko zatian paellak daude, eta zati azkarra dela esan daiteke; ondoren, begiratokitik gora dator zati zailena. Zati teknikoagoa dela esan daiteke, eta hor hainbat pilotuk arazoak izaten dituzte", azaldu du Nogueirasek.

Oñatiarrak zazpi izango dira

Ibilbidea ondo ezagutzea garratzitsua da, eta hor abantaila izango dute etxekoak. Bailarako hainbat pilotuk parte hartuko dute; tartean, zazpi oñatiarrek: Josu Agirre, David Ardions, Ruben Nogueiras, Monika Muñoz, Iñigo Errasti, Urtzi Samaniego eta Asier Mugarza. Nogueirasek azaldu du Aitor Zabaleta bergararra izango dela "lasterketa irabazteko faborito" nagusia; bai, behintzat, jarleku bakarreko autoetan. Eta, turismo mailan, "ikusteke" dagoela Ardionsek zer egingo duen. Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketarako puntuagarria da proba.

Segurtasuna bermatu

Segurtasunak garrantzi handia izaten du auto lasterketetan. Antolatzaileak martitzenean ibili ziren kontu handiz seinalatzen bide bazter guztiak. Izan ere, 2011n gertatu zen istripuaren ondoren, segurtasun neurriak gogortu egin dituzte. Nogueirasek zera azaldu du: "Lasterketa ikustera datozen ikusleak jarri behar dira ikusleendako egokitutako tokietan, eta kasu egin behar diete komisarioen esanei". Euskadiko Automobilismo Federazioko atarian, horrelako proba batean zer ez den egin behar zehazten da: ezin da ezer bota errepidera, ezin da errepidera irten, segurtasun zintak ezin dira kendu, ezin da debekatuta dagoen tokian jarri, eta komisarioei kasu egitea gomendatzen dute.

Sarrerak 8 eurotan

Igoera ikusteko sarrerak 8 eurotan daude salgai; egunean bertan, 10 eurotan egongo dira. Sarrera erosten dutenen artean hiru sari zozkatuko dituzte: Oñatiko ostatuetan asteburuko egonaldia.

Lasterketako sari banaketa 20:00etan izango da.

Zaborra etxera eramateko gomendioa

Segurtasuna bakarrik ez, antolatzaileek ingurunea errespetatzea eta sortutako zaborra norberak eramatea eskatu dute: "Egunean zehar egongo da jendea lanean, baina ez gara zaborra biltzen ibiliko. Hortaz, eskatzen dugu ez uztea zaborrik bide bazterrean eta sortutakoa norberak eramateko horretarako egokitutako tokietara edo etxera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak