Oñatiko gaztelekuak 25 urte betetzen ditu aurten

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko uzt. 17a, 21:11

Herri erdian, garai batean berdura azoka izandako eraikinean dago oñatiko gaztelekua. 25 urte bete ditu aurten, eta, sorreran proiektuarekiko mesfidantzak egon ziren arren, bere tokia eta zerbitzua eskaintzen du gaur egun herrian.

1994an zabaldu zuten gaztelekua Oñatin, duela 25 urte. Ez zen inaugurazio edo festa propiorik egin irekierako, ekitaldiak antolatu ahala hasi ziren espazio hori erabiltzen.

Abenduan

Musikarekin estreinatu zuten gaztelekua. Ekainetik abendura bitartean, hiru kontzertu egin ziren: Parafun eta Eat Meat taldeek jo zuten Diputazioaren eskutik eta Bizz produkzioak antolatuta, berriz, No Means No eta Boogie Brothers entzuteko emanaldiak egin ziren. Bitarte hartan, irailean, San Migel egunean, jaien barruan, Oñatiko Hor Konpon taldeak jo zuen Kataluniako Ubi Sunt taldearekin batera, gaueko hamabietan. Su Ta Gar, Negu Gorriak eta Kojon Prieto Y Los Huajolotes taldeen kontzertuetako bideo emanaldiak ere eskaini zituzten. Esperientzia haiek oinarri hartuta, azaroaren amaierarako indigenismoari buruzko zikloa antolatu zuten herriko Banoia eta Komite Internazionalista taldeek eta abenduan, bi egunez, euskal liburu eta disko azoka Laixanek, gaztelekuak ateak erabat zabalduta.

Txatxilipurdirekin hasi

Kataluniako proiektu bat hartu zuten eredu orduko agintariek gaztelekua egiteko. Patxi Hipolito donostiarra izan zen proiektua Oñatin txertatzeko ardura izan zuen teknikaria. Espazio horren potentzialitate guztia hasieratik ez zela ikusiko esan zuen berak, eta poliki-poliki gorpuzten joango zela, gazteek protagonismoa hartuz. Proiektuarekiko "eszeptizismo jarrerak" sumatu bazituen ere, gazteen gaineko inpresio ona hartu zuela aitortu zuen Hipolitok. Eguneko funtzionamendurako deialdi publikoa egin zuen Udalak, animazio soziokulturaleko enpresa bat bilatzeko, baina ez zen inor aurkeztu. Herriko batzuei zuzenean eskaini zitzaien, baina, azkenean, Txatxilipurdira jo zuten. Gabonetan, Topalekua izeneko txokoa estreinatu zuten, eta eskujoko tailerra egin. Arantxa Mugarza eta Xabi Lara izan ziren, Txatxilipurdirekin, gaztelekuko lehen begiraleak.

Gazteria batzordea sortu

1995ean, Gazteria batzordea sortzea erabaki zuen Udalak. Ordura arte, Kirolak eta Gazteria batzordea zegoen. Jose Antonio Urteaga zen batzordeburua. "Nirekin batera Herri Batasuneko Karmelo Arregi zinegotzia zegoen batzordean. Gu biok, Patxi Hipolito eta herriko hainbat gazte batzen ginen proposamenak entzuteko eta erabakiak hartzeko. Karmeloren eta bion arteko harremana oso ona zen, ondo konpontzen ginen, eta uste dut gazteekin izandako harremanetan hori nabari zela; eurekin ere harreman ona, naturala, genuen. Esango nuke nahiko malguak izan ginela gazteek egindako proposamenetan, aparteko arau zorrotzik ez genuela jarri". Urteagak gogoan du Azkoitiko udal ordezkari batzuk ere izan zirela Oñatin gaztelekuaren proiektua gertutik ezagutzeko. "Alderdi ezberdinetakoak izan-da ondo moldatzen ginela ikusita, harritu egin ziren", dio. Eta gaineratu: "Uste dut asmatu genuela. Egun, gaztetxea ere badago herrian eta uste dut osagarriak direla espazio biak". Azkoitikoak ez ezik, Bartzelonakoak ere etorri ziren. "Kataluniakoa zen eredua, baina Bartzelonan, adibidez, 100 edo 200 metro koadro zuten gazteendako zerbitzua eskaintzen zuten lokalek. Eta Oñatikoa ikusi zutenean, herri erdi-erdian eta horrenbeste metro... aho zabalik gelditu ziren. Eraikin horretan azoka egiten zen lehen, berdura azoka. Gero, egon zen saiakera bat bestelako postu egonkorrak jartzeko. Baina ez zuen emaitza onik izan, ez zen aurrera atera. Eta orduan pentsatu genuen gazteendako espazioa horixe izatea. Hauteskundeetako programan sartu genuen gaia, eta aurrekontuetan sartu genuen, momentua iritsi zenean", dio Anjel Iturbe, orduko alkate jeltzaleak.

Handitu eta eraberritu

Kepa Aranburuk bilera bat baino gehiago egin zituen Hipolitorekin, Urteagarekin eta Arregirekin. "Patxi Hipolitok hausnarketa zabaldu gura zuen, gaztelekuaren erabileraren inguruan, eta bilera irekiak antolatu zituzten. Lehenengoak eraikin zaharrean egin genituen. Baina gero, obrak egin behar zituztela eta, Kale Barrian, aspaldi Bake Epaitegia egondako lokalean, egun fruta denda dagoen lekuan, gaztelekuko zerbitzu batzuk egokitu zituzten eta han ere elkartu ginela gogoratzen dut. Adin ezberdinetako gazteak biltzen ginen eta denok ez genuen berdin pentsatzen, iritzi ezberdinak zeuden gure artean ere. Gaztelekuan zer egin Udalak esan beharrean, herritik erabakitzea zen, nolabait, bilera haietan proposatzen eta eztabaidatzen zena, ahalik eta eskumen handiena ematea gazteei. Patxiren laguntzarekin lantzen genuen gure proposamena eta gero, udal ordezkariei helarazten genien. Nik neuk, esaterako, esperientzia polita daukat. Film labur bat egiteko ideia sortu zen bilera haietan, eta gaztelekua toki aproposa zen horretarako. Lan asko egin zen film hori egiteko. 2057 Odisea bat kanposantuan izan zen emaitza".

Zerbitzua handitu eta eraberritu beharra ikusi zuten urte gutxira. Proiektu berria bideratzeko, herriko arkitektoei luzatu zieten gaia eta lehiaketa bidez epaimahaiak Ana Diaz de Monasteriogurenek eta Lierni Altubek elkarlanean egindakoa aukeratu zuen. Obrak egin bitartean, informatika gela eta informazio bulegoa Kale Barrian egon ziren. Gazteleku eraberrituak bi solairu zituen, hiru gela gehiago, argazki laborategia eta hitzaldiak eta erakusketak egiteko espazioa ere bai. Baita taberna ere. 2002an inauguratu zuten gazteleku eraberritua. Joana Olabarriak eta Arantxa Mugarzak osatu-tako enpresari eman zioten suspertze zerbitzua.Kalean Patxi Hipolitoren izena gaztelekuarekin dago lotuta hasieratik. Espazioaren erabilera gazteekin batera egitea gura zuen berak. Udalak antolatzen duen udako programazioa jasotzen duen Kalean egitasmoa ere berak jarri zuen martxan, gazteleku barruan egin beharrean kultur ekitaldian kalean egiteko egitasmoa.Joan den urtean hamazazpi ikuskizun antolatu ziren guztira gaztelekuan eta asistentzia 6.842 pertsonakoa izan zen.

----------------

 "Erreferentziazko gunea da, egun, gaztelekua"

Jon Lopez, gazteriako udal teknikaria

2012an hasi zen Jon Lopez gaztelekuan lanean udal teknikari moduan, eta dio garaiak aldatu ahala egokitu dela gaztelekua.

Ze bilakaera izan du gaztelekuak sorreratik?

2012an hasi nintzen ni hemen lanean. Uste dut Patxi Hipolitok autogestioan oinarritutako proiektua zuela buruan, baina ni sartu nintzenean hemen, beste gauza bat aurkitu nuen. Urte hartan, Gipuzkoa osoan gaztelekuak udaleko zerbitzu moduan zeuden zabalik. Garaiak aldatu ahala, errealitatera aldatu beharra dago. Udalekuak Eltzian egiten ziren, baina beste bilakaera bat izan du toki hark, eta hona ekarri zuten. Orain, uztailean, ohiko jarduna partekatzen dugu udalekuekin –651 ume aurten–. Etorkinen harrera zerbitzua ere, Txispistin, hemen dago txertatuta. Gazte Bulegoak jarraitzen du eta sexu aholkularitza zerbitzua jarri da, oso errotuta dagoena gazteengan. Sukaldea, kamerinoa... eta beste gune batzuk ere antolatu dira.

Zein ezaugarri ditu? Zer du oinarrian gaztelekuak?

Ez da lokal bat non hezitzaileak baloi bat ematen dien umeei jolasteko edo jolasak banatzen dituzten. Proiektu batzuekin eta helburu batzuekin egiten dugu lan. Hiru ardatz ditugu: berdintasuna, aniztasuna eta euskara. Zorionez, Oñatin euskarak ez du beste herri batzuetan adina lan ematen. Buru-belarriago gabiltza integrazioarekin, edozein bazterketa motarekin, izan bullying-a izan etorkinena, esaterako. Sexologia aholkularitza zerbitzuarekin, berdintasunarekin eta hezkuntza formalarekin ere badihardugu.

Kultur kutsua eta soziala ere badu eta adin ezberdinetako herritarrek erabiltzen duten espazio irekia ere bada.

Bai. Hau ez da Gipuzkoan dauden beste gaztelekuak bezalakoa. Hemen, kontzertuak egiten dira, antzerkiak, tailerrak... Gizarte kutsu bat ere badu. Herriko edozein eragilek antolatu eta egin ahal ditu hemen ekitaldiak: izan daiteke Irazan, bertso eskola, trikiti taldea... Eta bilerak egiteko ere erabiltzen dute espazio hau herriko eragileek. Polibalentea da espazioa eta aukera handiak ditu. 370 lagunendako edukiera du kontzertu batean eta eskualde mailan ere bada erreferentea antzokia. Baita herrian ere. Hemengo musika ekipoa jairik jai edo ekitaldi ezberdinetan erabiltzen da.

Zenbat gazte pasatzen dira urtean?

2018an, adibidez, 53.365 erabiltzaile izan zituen. Ohiko jardunean, teknikariaz gain, bi hezitzaile daude topalekuan, bi kuboan eta beste bat Txipistinen eta teknikaria. Asteburuan beste bi sartzen dira erreleboak emateko. Horiez gain daude proiektu hezitzaileen ardura duten dinamizatzaileak.

Propio da wifi gabeko gunea?

Bai, apropos dugu wifi seinalea moztuta. Askotan, informazio bulego ondoan ere egoten ziren hemengo wifia hartuta, jolasean egon beharrean.

Zein proiektu dituzue orain?

DBH-4koekin proiektu luzeak lantzen ditugu; urtean egindako lanarekin Lisboara joan dira aurten. DBH-2koei zuzendutako Inspira Team egitasmoarekin ere jarraitzeko asmoa dugu. Eta, era berean, prest dugu Erasmus + egitasmoan Europako beste herrialde batekin elkartrukea egiteko proiektua ere.

---------

Ibilbidearen liburua eta omenaldia

Gaztelekuaren ibilbidea jasotzen duen liburua ari dira prestatzen. Iñigo Biain dabil liburua egiten eta bi zati bereizi izango dituela aurreratu du. "Zati batean, sorreraren historia jasoko da, eta baita aurrekariak ere; Oñatz kultura elkartea eta gaztetxe zaharra, adibidez. Bigarren zatian, gaztelekuan egin diren ekintza guztien zerrenda egongo da, ahal den guztietan kartelekin eta emanaldietan ateratako argazkiekin". Irailean aterako dute liburua.

Gaztelekuari lotuta agertzen da beti Patxi Hipolitoren izena, eta hari omenaldia egitea ere badago pentsatuta, baina zehazteke dute oraindik aurten edo 2020an izango den; orduan, hamar urte beteko dira hil zela

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak