Oteizak egindako lanean sakontzeko ekimenak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko eka. 21a, 17:56

Erakusketako pieza batzuk Nafarroako Altzuza herrian dagoen Oteiza Museoan. Argazkia: Cristina Nuñez Baquedano.

Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 izeneko erakusketak izango dira Jorge Oteiza Fundazio Museoan eta Arantzazuko Gandiaga Topagunean; horrez gain, bisita gidatuak, tailerrak eta eskultorearen obrari buruzko argitalpenak ere badaude.

Arantzazuko basilikako fatxadarako gauzatu zuen esku-hartzea da, adituen esanetan, Jorge Oteizaren obra publikorik handiena, "arte eta arkitektura modernoak iritsitako goreneko uneetako bat, eta estetika erlijiosoak XX. mendean izan zuen berrikuntzaren ikurretako bat".

Arantzazuko lana amaitu eta 50 urtera, "proiektuaren esangura artistikoa eta kulturala aztertzeko helburuarekin", Jorge Oteiza Fundazio Museoak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Frantziskotarrek, elkarlanean, Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 izeneko bi erakusketa prestatu dituzte, non 200 piezatik gora erakutsiko dituzten; horien artean, inoiz erakutsi gabekoak.

Altzuzakoa, eguaztenetik zabalik

Eguaztenean ireki zuten bilduma nagusia, Nafarroako Jorge Oteiza Fundazio Museoan dago eta urriaren 27ra arte izango da ikusgai, eta, besteak beste, igeltsuzko eskultura-estudio sorta zabala bildu dutela azaldu dute: "Behin betiko proiektuaren klabeak eta azken fatxadara iritsi arteko artistaren irtenbideak aztertzen ditu; esaterako, eskultura-kontzeptua, horma-erliebearen planteamendua, apostoluen frisoaren eta Ama Birjinaren ikonografiaren definizioa...".

Gandiaga Topaguneko bilduma, berriz, ekainaren 28an zabalduko dute, urriaren 27ra bitartean. "Sekuentzia gisa, eta garapen kronologikoa oinarri hartuta, proiektuaren klabeak azalduko dira 40 eskulturen bitartez eta askotariko dokumentazio, argazki, eta ikus-entzunezkoekin".

Irailaren 21ean, ospakizuna

Arantzazuko Gandiaga Topagunean, Oteizaren obra Arantzazuko basilikako fatxadan instalatu zuteneko 50. urteurreneko ospakizuna egingo dute irailaren 21ean. Mahai-inguru bat egingo da, non Arantzazuren garrantzia aztertuko den, bere testuinguru historikoan. 

Ekitaldia amaitzeko, Oteiza Museoko kontserbatzaile Elena Martinen tesia jasotzen duen Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 argitalpena aurkeztuko da, eta Arantzazuko basilikarako fatxada bisitatuko da, multzo artistiko horren klabe estetikoak aztertzeko. Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 lanaren laburpena den argitalpena, erakusketatan daude eskuragarri.

Bitartekaritza plana

Bitartekaritza planaren baitan honakoak antolatu dira: bisita gidatuak, lantegi pedagogikoak eta hitzaldiak. Bisita gidatuei dagokioenez, doakoak izango dira, bai Oteiza Museoko –ekainaren 22an, larunbata, 12:00etan eta urriaren 5a, larunbata, 12:00etan– bai Gandiaga Topaguneko –ekainaren 29an, larunbata, 12:00etan, abuztuaren 24, larunbata, 12:00etan eta urriak 19, larunbata, 12:00etan– erakusketetara eta Elena Martinek gidatuko ditu.

Lantegi pedadigoak ere espazio horietan izango dira eta proiektu honetarako berariaz diseinatutako lantegiak dira. Horiek haurrei lagundu egingo diete arkitekturako proiektu baten dimentsioa ulertzen: arkitekturaren eta beste arteen arteko funtsezko harremana, eta bereziki estatuaria garatzeko prozesu formala.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak