Walter Becerrak eta Oihana Azkorbebeitiak jantzi dituzte Aloñako igoerako txapelak

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko mai. 5a, 16:14

Walter Becerra eta Oihana Azkorbebeitia txanpain botilak astintzen hasten

Aurrenetakoak izan dira Oñatiko plazatik irteten eta lehenak helmugan sartzen. "Oso gustura" egin du proba abadiñarrak eta Sestaokoak  gutxiago labaintzen duten zapatillekin etorri behar zela aitortu du helmugan. Lehen debagoiendarrak Luis Dacosta eta Saioa Arconada oñatiarrak izan dira.

Aurreneko postuetan egin du lasterketa osoa Walter Becerra sestaoarrak. Artzanburu pasata bi minutuko abantaila ateratzen zion bigarrenari, Iban Letamendi oñatiarrari. Lasai heldu da Oñatiko plazara, deabruarekin jolasean. "Izotza zegoen goian, lokatza ibilbidean zehar eta zenbait tokitan irrist egin dut. Beste oinetako batzuk ekarri behar nituen", zioen barrez Becerrak helmugaratu eta gero. "Bosgarren txapelaren bila etorri naiz eta pozik noa etxera lortu dudalako", gaineratu du. Becerrak egindako denbora: 2:10:00

Iban Letamendik baina orkatila bihurritu du eta erretiratu egin da: "bihurdura txiki bat da eta ea bi aste barru Frantzian dugun lasterketan parte hartzeko moduan nagoen". Horregatik, Iker Etxeberria basaurriarrak (2:12:56) eta Martxel Bereau oiartzuarrak (2:15:30) espero ez zuten sorpresa hartu dute bigarren eta hirugarren helmugaratzean.

Oihana Azkorbebeitia (2:27:47) gustura zegoen lasterketa amaitu eta gero. "Duela aste batzuk Japonian egon ginean dena ondo atera zitzaigun eta gaur ere bai; asko disfrutatu dut gaur". Zegama Aizkorri mendi lasterketa izango da bere hurrengo proba: "Orain artekoak motzagoak izan dira, bi ordu t´erdikoak edo, hori bost bat ordukoa izango da eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Ondo egitea joango naiz, disfrutatzera". Nesketan bigarren Nahia Quincoces mendexarra izan da (2:39:10) eta hirugarrena Nerea Amilibia aiarra (2:49:18).

Lehen debagoiendarra Luis Dacosta oñatiarra izan da (2:20:24); zortzigarrena izan da helmugan sartzen. "Oso pozik nago egin dudan lasterketarekin. Beheranzkoan suabe ibili naiz, irristakor zegoen-eta, baina ondo bukatu dut, bai", adierazi du. Nesketan Saioa Arconada oñatiarra izan da bailarako lehena (2:53:52). "Inoiz pasa ez zaidana pasa zait gaur: zapatilla lokatzetan sartu eta galdu. Hotz egiten zuen goian, behatzak gogortuta nituen eta kosta egin zait berriz lotzea. Eta gero ez dut lehengo martxa hartu berriz. Gora oso ondo nindoan, aurreko urtean baino hobeto, baina gero ezin izan dut ondo egin"

Bi omenaldi

Lasterketa hasi aurretik Iñigo Guridi 'Kalibre' omendu dute Aloñako Igoerako antolatzaileek eta Gurutze Gorriko boluntarioek; makina bat aldiz ibili da igoeran laguntzen Gurutze Gorriko boluntario moduan. Aurreskua dantzatu dute bi dantzarik eta oroigarria jaso dute bere etxekoek. 1 zenbakia zuen dortsalak Iñigo Guridi izena zuen.

Lasterketa amaituta eta sariak banatu aurretik, hamabost urte hauetan Aloñako Igoera antolatzen ibili den lan taldeak jaso du omenaldia. Oroigarri bana jaso dute.

Aloña Txiki

Eta Aloñako Igoeran parte hartu duten korrikalarietako batzuk Akaitzetik pasata zeuden denboran, hamarrak eta laurden inguruan, Aloña Txiki lasterketak hasi dira egiten Foruen plazan. Adin ezberdinetako umeek hartu dute parte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak