Iñigo Lariz eta Ainhoa Lendinez lehenak Buetraitzera heltzen

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko mai. 4a, 09:31
Ainhoa Lendinez elgoibartarra

Elgoibartarrak biak, lasterketa irabazteko faboritoen artean zeuden eta ez zuten hutsik egin. Iñigo Alzola arrasatearra eta Maite Zabaleta oñatiarra izan ziren lehen bi debagoiendarrak. 92 lasterkarik bukatu zuten proba.

Ordu erdi ere ez zuen behar izan Larizek kilometro bertikaleko proba bukatzeko (27:16). Lendinez irteten azkena izan zen eta 34 minutu pasatxotan egin zuen lasterketa (34:02).

Ilunetan, 22:00etan, hasi zen Buetraitzeko igoera. Ikusle asko zegoen ordurako Arantzazun. Erlojuan gaueko hamarrak zirenean suzko erruberak bota zituzten eta segidan deabrua igo zen Bellotzako arrotik gora. Mezu bakarra zuen lasterkari zein ikusleendako: "ongi etorri infernura".

Bergarako Aritz Unamuno lasterkaria izan zen irteten lehena eta haren ondoren beste denak. Lehenengoak 30 segundotara; azkenak minutu bateko tartearekin atera ziren. Lasterketa ikustera joandako herritarrek txalo eta oihu egin zieten korrikalariei, animoak emanaz. Musikak alaitzen zuen giroa eta bi esatarik parte-hartzaileen izenak, denborak eta ibilbideak aipatzen zituzten.

Gandiaga eraikineko aretoetako batean pantaila zuten jarrita antolatzaileek eta pantaila horretan Buetraitzeko tontorrean jarrita zuten kamara batek hartzen zituen irudiak ikus zitezkeen, korrikalariak hara nola heltzen ziren. Iritsi ahalaz bakoitzak egindako denbora ere han ikus zitekeen; une oro berritzen zuten sailkapena. Aloñako Igoerako materiala saltzeko mahaitxoa ere jarrita zuten eta baita korrikalariei lasterketa ostean eskaintzeko jatekoak eta edatekoak. Dena zuten ondo antolatuta Aloñako Igoerako antolatzaileek.

92 korrikalarik amaitu zuten proba eta Buetraitzeko tontorrera heltzen azkarrenak Iñigo Lariz eta Ainhoa Lendinez elgoibartarrak izan ziren. Debagoiendarren artean berriz, Iñigo Alzola eta Maite Zabaleta izan ziren azkarrenak.

Sailkapen orokorrean:

  1. Iñigo Lariz (Elgoibar) - 27:16
  2. Iñigo Alzola (Arrasate) - 28:25
  3. Joseba Diaz (Azkoitia) - 28:35
  4. Axi Alonso (Oñati) - 28:53
  5. Xabi Lete (Oñati) - 29:34
  6. Aritz Munarriz (Etxarri Aranatz) - 30:25
  7. Jon Alberdi (Zestoa) - 30:34
  8. Jokin Zabala (Bedia) - 30:36

 

  1. Ainhoa Lendinez (Elgoibar) - 34:02
  2. Montserrak Vazquez (Bilbo) - 35:53
  3. Maite Zabaleta (Oñati) - 36:51
  4. Itsasne Galfarsoro (Legazpi) - 39:00
  5. Marije Zubizarreta (Oñati) - 41:49
  6. Nagore Uribarri (Oñati) - 43:02
  7. Maria Sanchez (Bergara) - 45:06
  8. Iber Iparragirre (Kanpezu) - 49:26

 

Erlazionatuak

Buetraitzeko igoerako argazkiak

Oihana Elorza Gorostiza 2019 mai 04 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak