EH Bilduk udalgintza estilo berri bat ekarri zuela 2011n adierazi du Mikel Biainek: "Eta aurreko lau urteetan ereindako hazia loratzen aritu gara azken legegintzaldian ere".
Aurreko agintaldiko esperientziatik ikasita erronka, proiektu eta egoera berriei erantzun dietela adierazi du: "Zorrotz eta eraginkor jokatu dugu Udalaren kudeaketan. Jendearengandik hurbil, ahalik eta gehienetan jendearekin batera". Hala, ekonomikoki kaudimendun udala dela gaineratu du: "Une honetan zorra ia hutsean dago eta kiroldegiaren lehen faseko proiekturako 4,7 milioi euroko zorpetzea aurreikusten dugu". Eta aipatu dute egoera hori erakusten duela 2018ko diruzaintza gerakina 3,4 milioi eurokoa izatea. Herritarren "beharrei eta kezkei erantzun" diela gaineratu du Biainek, hainbat proiektu aipatuta: kiroldegiaren eraberritzea, aisialdirako espazio berriak, auzoen eraberritzeak...
Egiteko modu jakin bat eta balio zehatzak
Egiteko modu jakin bat izan dutela ere esan du, "balio eta ideia zehatz batzuekin", eta horren eredu batzuk eman gura izan ditu: kale garbiketaren publifikazioa, Eltzia, eskola kirolaren eredu berria… Politika feministak zentraltasuna hartu duela Udalaren jardunean zioen gaur goizean egindako agerraldian: "Horren baitan, emakumeak ahalduntzeko egindako lana nabarmena da: berdintasun departamentuaren sorrera, jabetze eskola, Selma Huxley Barkham beka, emakume kontseiluaren sorrera… Eta nola ez, hau guztia eraginkortasunez bideratu ahal izateko departamentu propio bat sortu izana".
Oraindik "lan egiteko asko" egon arren "herri are eta kohesionatuagoa" egiten ari direla aipatu du: "Kultura desberdinetako jendea elkarrekin hurbilago bizi dadin ahaleginean, gazteak lehenago emantzipatzeko urratsak egiten…" eta "Oñati, dabilen herria", etorkizunari baikor eta irribarretsu begiratzen dion herria dela gaur egun esan dute EH Bilduko kideek.