Uxue Oses eta Madalen Etxegarai: "Finalean gure aukerak izango ditugu, seguru"

Xabier Urtzelai 2019ko mar. 15a, 13:48

Emakume Master Cup Txapelketako hirugarren edizioko finalak jokatuko dituzte domekan Zumarragan (11:45, ETB). Eta promozio kategorian Debagoienak ordezkaritza izango du, 13 urteko bi gaztek bikote helduak kanporatu dituzte-eta txapelketako azken txanpara iritsi arte. Domekan bertan, 20 eta 22 urte dituzten Maria Granado eta Ainhoa Lakuntza izango dituzte aurrean, baina oñatiarrak ez dira kikilduko.

Txapelketan lehen aldiz izena eman eta finalera iritsi zarete. Espero zenuten halakorik? 

Uxue Oses: Egia esan, ez. Lehenago, Emakume Master Cupeko lau eta erdiko txapelketan hartu genuen esku, bakarka, eta hor, final-laurdenetan joan ginen kanpora. Oraingoan, baina, zorte apur batekin, finalera iritsi gara.

Oihartzuna izaten dabil txapelketa, kazetarien elkarrizketak, finala zuzenean emango dute... 

Madalen Etxegarai: Gu ere apur bat harrituta gaude, aurrekoan Zumarragan finaleko aurkezpen ekitaldian izan ginen... Baina emakumeon pilota sustatzeko positiboa da.

Pilota ez da, baina, praktikatzen duzuen kirol jarduera bakarra. Uxue, zu eskubaloian Gipuzkoako selekziora iritsi zara –atezaina da–; Madalen, Aloña Mendiko futbol jokalaria zara... 

Oses: Oraingoz, denera iristen gara, eta posible den neurrian halaxe jarraitzea gustatuko litzaidake. Pena hartuko nuke bataren edo bestearen artean aukeratu egin behar izango banu.

Etxegarai: Egia da partiduekin, entrenamenduekin... gauza asko direla. Ikasketak tarteko, aurrerago, akaso, kirol jarduera bataren edo bestearen artean aukeratu beharko dugu. Pena handiz, baina uste dut pilota aukeratuko nukeela.

Pilotari oso gazteak zarete [13 urte], helduen kontra jokatu behar izan duzue finaleraino iristeko. 

Oses: Kontrario askok gaztetan pilotan jokatu izan dute, baina ondoren hainbat urtez ez dute pilotan egin, eta orain bueltatu dira kirol jarduera horretara. Ez da gure kasua; 8 urterekin hasi ginen, eta jokatzen jarraitzen dugu.

Egun, emakumezko pilotari gazte batek gizonezko batek baino zailtasun handiagoak ditu pilotan egiteko?

Etxegarai: Gure kasuan, ez; kontrara, askotan, mutilek baino partidu gehiago jokatzen ditugu, mutilen torneoetan jokatzearekin batera emakumezkoenak ere jokatzen ditugulako. Gertatzen dena da gure adinetik aurrera mutilek indarra garatzen dutela eta ezin izaten dugula euren kontra jokatu. Hor, emakume askok pilota uzten dute, eta jarraitzen dutenek ez dute izaten noren kontra jokatu. Horregatik dira garrantzitsuak Emakume Master Cup moduko txapelketak, neskek pilota utz ez dezaten, eta utzita zeukatenak buelta daitezen.

Esaerak dio finalak irabazteko daudela. Diotenez, bikote gogorragoak kanpoan utzi dituzue jada, nahiz eta partidu bakarrean edozer gerta daitekeen.

Oses: Final-laurdenak eta finalerdiak tarte oso txikiarekin irabazi genituen, edozer gerta zitekeen. Domekara begira, kontrarioek guk baino indar handiagoa dute, baina pilota goxoekin hori ez da horren garrantzitsua. Gure jokatzeko modua inposatzen ahaleginduko gara, eta gure aukerak izango ditugu, seguru.

Domekan etxekoen babesa izango duzue ondoan.

Etxegarai: Familiartekoak finalera etorriko dira, bai, eta, seguruenik, lagunak ere bai. Gauza handia da finalera iristea, baina behin hemen egonda... Txapelketan parte hartu eta kanpoan geratu diren taldekideei eskaini gurako genieke txapela... 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak