Dena prest VIII. Txinparta Bertsolari Txapelketarako

Maialen Regueiro 2019ko mar. 14a, 19:34

Gaur arratsaldean aurkeztu dute VIII. Txinparta Bertsolari Txapelketa prentsaurreko bidez eta bertan azaldu dutenez, txapelketak hiru saio izango ditu: bi finalaurrekoak eta finala. Guztira, herriko hamasei bertsolarik hartuko dute parte eta finalean horietatik sei arituko dira. Finala apirilaren 13an izango da eta egun horretan jakingo da zein den VIII. Txinparta Bertsolari Txapelketako irabazlea. 

Hiru saio

Hain zuzen, hiru saio izango ditu aurtengo bertsolari txapelketak. Lehen saioa martxoaren 23an jokatuko da, lehen finalaurrekoa izango dena. Txapelketa 17:30etan hasiko da, Antixena gaztetxean, eta zortzi bertsolari arituko dira: Ander Lizarralde Pertzi, Urko Egaña, Gorka Larrea Txapel, Maider Arregi, Joseba Lasagabaster, Beñat Alberdi, Bittor Zubiagirre eta Xabier Pascual Pasku. Bigarren finalaurrekoa, berriz, astebete gerogo jokatuko da, hilaren 30ean, hain zuzen ere. Eltziako topagunean jokatuko da finalaurreko hori eta bertan beste zortzi bertsolari arituko dira: Odei Irigoien, Aitor Tatiegi, Egoitz Aizpuru, Andoni Goitia, Joseba Igartua Urze, Urko Arregi, Gontzal Belategi eta Aritz Irigoien. Azkenik, eta azken saio gisa, finala jokatuko da, apirilaren 13an, 18:00etan, Oñatiko gaztelekuan. Finalean sei bertsolari arituko dira: lehen eta bigarren finalaurreetako irabazleak eta, horiez gain, puntu gehien eskuratutako lau bertsolariak.

Apirilaren 13an jakingo da edizio honetako txapeldunaren izena eta Oñatiko Bertso Eskolaren sortzaileetako bat izan den Xabier San Migel izango da irabazleari txapela jartzeko ardura izango duena. Horrez gain, txapelketan zehar banatuko diren sari guztiak Oñatiko artisau, ekoizle eta Eltziako kideek sortu eta ekoitzitakoak izango dira; izan ere, herriko eragileen arteko elkarlana bultzatu da.

Epaimahaikideak

Epaimahaikideek bertsolarien bertsoak puntuatuko dituzte, eta, horretarako, bertsozaleak diren eta aurreko txapelketetan lan hau egiten aritu diren Lander Diaz de Gereñuk, Nerea Etxezarretak eta Julen Iriondok osatuko dute taldea. Talde hau txapelketa osoan zehar arituko da eta horiekin batera Xabier Igartua izango da puntuazio zenbaketa egiteaz arduratuko dena.

Gai-jartzaileak

Mirari Sagarzazu eta Egoitz Atxaga izango dira txapelketako gai-jartzaileak. Are gehiago, finalaurreko bakoitzean bat arituko da lan horretan eta final egunean, aldiz, biak izango dira. Horiez gain, bertso eskolako hainbat kidek taldetxo bat osatu dute eta gaien lanketa egiten ari da dagoeneko. Gainera, bertsolari txapelketa hasten denetik apirileko lehen asteburura bitartean, herriko hainbat tabernatan gai kutxak egongo dira gai proposamenak aurkezteko. Finalera begira, gai-jartzaile taldeak horiek bildu, landu eta egokitu egingo ditu.

Sintonia

2012ko txapelketarako sintonia bat sortu zen eta horri jarraikortasuna emanez, orduko melodiak formatu eta modu egokian grabatu dira. Hala, asteburutik aurrera, kantu zahar-berritua entzungai egongo da txapelketako saioetan eta baita herriko tabernetan ere. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak