Cegasak Gasteizera eramango du negozioaren zati handi bat

Amaia Zabala 2019ko mar. 14a, 14:57

Oñatiko Cegasa enpresak handitu egingo du bere negozioa. Horrek, baina, aldaketak ekarriko ditu Oñatin duen lantegira eta eragin zuzena izango du hemengo langileengan. Izan ere Gasteizko Miñao herriko industria guneko eraikin batera eramango dute Oñatiko produkzioaren zati handi bat.

Aurten egingo dute aldaketa hori eta datorren urtetik aurrera manganesoa bakarrik ekoiztuko dute Oñatin; gainerako produktuak, pilak eta bateriak, esaterako, Gasteizen egingo dituzte.

Enpresako ordezkariek jakin arazi duten moduan, erabakia hartuta dago eta aurten egingo dute leku aldatzea. Oraindik ez daude data zehatzak emateko moduan baina urtea amaitu aurretik burutuko dute trasladoa. Bulegoak izango da leku aldatuko duten lehen saila eta produkzioa gero.

Leku aldatze honen arrazoia enpresak duen negozioaren handitzea dela esan dute enpresako ordezkariek; Miñaoko eraikinak Oñatikoak baino aukera gehiago ditu handitzen jarraitzeko. Etorkizunean, datorren urtetik aurrera, manganesoa izango da Oñatin ekoiztuko duten produktu bakarra. Egun manganesoaz gain bestelako produktuak ere egiten dituzte Oñatin baina aurrerantzean pilak, bateriak eta bestelako produktu asko Gasteizko Miñaoko industria-nabean egingo dituzte.

Negozioaren zati handi bat Gasteizera eramateak esan gura du orain Oñatiko lantegian lana egiten duten langile askok Gasteizera joan beharko dutela gero. Hori baieztatu du Cegasak, baina enpresako ordezkariek ez dute oraindik zehaztu zenbat langile izango diren Miñaora joango direnak, ezta langile horiendako autobusik jarriko duten ere eguneroko joan-etorria autobusean egin ahal izateko. Manganesoa lantzen jarraitzeko zenbat langile beharko dituzten ere ez dute zehaztu.

Sindikatuen papera

Cegasako enpresa komitean bi sindikatu daude: hiru ordezkari ditu LABek eta bi ESK-k. Gehiengoa duen sindikatuko ordezkariek adierazi dute orain arte bi bilera izan dituztela enpresako ordezkariekin gai honi buruz berba egiteko eta momentuz nahiago dutela adierazpenik ez egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak