Zubikoa kiroldegiak izango dituen aldaketak

Amaia Txintxurreta Guridi 2019ko ots. 28a, 14:23

Egungo eraikinari gehigarri bat egingo diote berdeguneari espazioa kenduz, eta igerileku txikia egingo dute hor; handia trabes egongo da. Bost zatitan egingo dute lehen fasea eta aurtengo bigarren seihilekoan hasi eta 2020 amaieran bukatuko dute.

Aurkeztu dute dagoeneko LKS-k garatu duen kiroldegia birgaitu eta handitzeko proiektua, eta obraren beharrak eta Udalaren baliabide ekonomikoak kontuan hartuta, lanak bi fasetan gauzatuko dituzte.

Lehen fasea

Lehen faseak 8,4 milioi euroko aurrekontua izango du BEZ barne; 2019ko udan hasi eta 2020ko urte amaieran bukatzea aurreikusten dute.

Fase horretako lanak hainbat izango dira, nagusienetako bat gune hezea egokitzea izango da. Lehen solairuan mantenduko dira igerilekuak; igerileku handiari bederatzi kale jarriko dizkiote eta txikia ere gaur egungoa baino handiagoa izango da. Eta hori hala izan dadin, berdeguneruntz eraikin zati bat gehituko zaio egungo espazioari. Halaxe azaldu du Kirol zinegotzi Borja Moiuak: "Trabes egongo da gero igerileku handia. Hau da, igerileku txikiraino iritsiko da. Eta igerileku txikia egiteko zati bat kenduko diogu berdeguneari. Erakin zati horren goialdea, baina, erabilgarria izango da. Hain zuzen eraikin hori egiten hasiko dira obrak, hori eta galdara handi bat jartzea, igerilekuak itxita daudenean gune lehorreko aldagelatan ur beroa egon dadin".

Igerilekuen gunean, harmailak ere jarriko dituzte ia 100 lagunendako eta bi sauna ere egokituko dituzte –bata lehorra, eta bestea, hezea–. Gune hezerako aldagelak ere igerilekuak izango diren solairu berean egongo dira. Eta berdegunean ur jolas batzuk ere jarriko dituzte ume txikienendako.
 
Aurtengo Gabonetan itxi beharko dute igerilekua urtebete inguruz, eta orain, erabiltzaileendako aukerak aztertzen ari dira. Federatuendako beste kiroldegi batzuetakoekin harremanetan daude entrenamenduak non egin erabakitzeko. Kirol eskolakoen eta adinekoen saioak eten egingo dituzte sasoi horretan eta abonatuendako aukerak aztertzen ari dira. Hala ere, asmoa da lanak egiten ari diren bitartean, zerbitzuak ahalik eta denbora txikiena egotea erabili gabe.

Fitness guneari dagokionez ere, aurtengo Gabonetan itxiko dute, egin beharreko lanak egiteko. Beheko solairuan egokituko dute. Ekintza gidatuetarako hiru gela izango ditu, gimnasio handi bat, barruko kiroletarako gela bat eta eskaladarako rokodromoa eta boulderra. Gune horrek aldagela propioak izango ditu aurrerantzean. Eta aztertzen ari dira baita ere, gaur egun bertan dauden makinak Udaleko zein beste eraikinetara eramateko aukera daukaten, posible bada behintzat, horiek martxan mantentzeko.

Lan nagusienak hasten direnean eskaladako eta karateko ekintzak ere eten egingo lirateke.

Bestelako lan batzuk ere egingo dituzte lehenengo fasean: administrazio eta kontrol gunea beheko solairuan jarriko dituzte; kiroldegiko kantxa nagusian, berdean, aldagelak eraberrituko dituzte eta zorua konponduko dute, besteak beste; pilotalekuko harmailen edukiera gehitu egingo dute; eta eraikin nagusiko eta pilotalekuko teilatuak eraberritu egingo dituzte, bestelako lan batzuen artean. Asmoa dute obrek irauten duten bitartean, ahal diren ekintza guztiak ematen jarraitu ahal izatea.

Bigarren fasea

Bigarren fasean bestelako lan batzuk egiteko asmoa dute, hauek esaterako: pilotalekuaren atzealdean bi padel pista egingo dituzte; eta kantxa urdineko atzealdean, estalkirik gabeko tenis pista bat ere egingo dute.

Bigarren fasearen aurrekontua 1,6 milioi eurotakoa izango litzateke BEZ barne, eta proiektu osoaren birgaitze eta handitze lanen aurrekontua, 10 milioi eurotakoa izango litzateke, BEZ barne.

Udaletik adierazi dute, martxo inguruan, infogramak edozein herritarrek ikusteko moduan jarriko dituztela.

Irisgarritasuna eta energia

Eraberritutako Zubikoaren zerbitzuak irisgarriak izango dira erabiltzaileendako eta energia kontsumoa ere kontuan hartu dute proiektua egiterakoan. LKS-eko Joxe Oleagak azaldu duen moduan, eraikinaren fatxadan babesa jarriko dute, aldageletan zoru erradiatzailea eta sarreran gidaridun ateak jarriko dituzte barruko beroari hobeto eusteko. Mikel Biain alkatearen esanetan, duela aste pare bat egindako kirol batzorde berezian eta baita hirigintza batzordean ere adostu dute alderdi biek lanen lizitazioa martxan jartzea. Bost lotetan aterako dituzte lanak. Orain pleguak argitaratuko dituzte eta maiatzerako eskaintzak jasotzea kalkulatzen dute, ekainean lanak esleitu ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak