Otso artean bizitzearen eta gizarte zibilizatuaren arteko talka basatia

Xabi Gorostidi 2019ko ots. 19a, 09:18

Natur Eskolak antolatuta Marcos Rodriguez –otso gizona– Oñatin izan zen atzo. Gaztetan, bakarrik geratu ostean, animali artean bizitzen aritu zen hamaika urtez. Baina gizakien mundura itzularazi zuten, bere nahia hori ez izan arren, eta zailtasun handiak bizi izan ditu gizakion artean lasai bizitzeko. 

Kutur Etxeko antzokia goraino bete zen atzo: eserleku guztiak beteta, eskaileretako tarteak ere, eta azken ilaran lagun asko zutik. Ikusmina handia zen, egunero ez baitira halako testigantza bereziak entzuten.

Ikusle bat, atzerantz begira, aretoa bete-beteta dagoela konfirmatzen.

Eguneko protagonistak hitz egin baino lehenago, Natur Eskolako Aimar Uribesalgok egin zuen euskarazko aurkezpena, honakoa azpimarratuz: "Gure zikloetara hitzaldia egiten etortzen direnetako asko, akademikoak eta adituak izaten dira. Gaurkoa, ordea, ez da akademikoa izango, baina badu jakinduria itzela. Ez liburuetatik ateratakoa, naturan bizitzeak eta hura ondo ezagutzeak ematen duena baizik". 

Marcos Rodriguez-en lehen hitzak, aurrean zituen gaztetxoentzako izan ziren: "Utzi mobiletara begiratzeari, eta zaindu itzazue animaliak".

Ostean, bere historia pertsonala kontatzen hasi zen, otso artean bizitzera nola heldu zen azaltzeko. Cordobako Añora herrian jaio zen, 1946an. 7 urterekin ama hil egin zitzaion, eta bere aita beste emakume batekin maitemindu zen. Aitaren bizitza berri horretan traba egiten zuenez –amaordeak eta aitak jipoitu egiten zuten–, artzain bati saldu zion semea "zaldi baten eta ahuntz batzuen truke". Artzaina Sierra Morenako haran bakarti baten aritzen zen ganaduarekin, "ehiztaririk ere ez zen agertzen" haran batean. Kobazulo batean bizi ziren, baina artzaina handik urte batera hil egin zen, eta Rodriguez bakarrik geratu zen, otsoek euren artean hartu zuten arte. 

Otsoek onartzeko prozesua

Bakarrik zegoelarik, otsokume talde batekin jolasten hasi zen, eta euren kobazuloan lo egiten amaitu zuen. Behin bertan, otsokumeen ama etorri zen, ehizatutako janariarekin. Amak errekonozitu egin zuen –aurretik otsokumeekin jolasten aritua zelako– baina ez zion okelarik eman. Marcosek, gosearen eraginez, alboko otsokumeari pusketa bat kendu zion, eta hau kexatu ostean, ama etorri, eta atzaparkada bat eman zion. Marcosek okela zatia askatu zuen, eta amak semeari eman zion.

Rodriguez, otsoekin komunikatzeko erabiltzen zuen ulua imitatzen.

Ostean, Marcos gose zela ikusita, amak okela jaurti zion, baina honek ez zuen hartzen, beste atzaparkada bat emango zionaren beldurrez. Amak, hori ikusita, aurpegia miazkatu zion, eta ahoarekin okela zatia gerturatu zion, behingoz jan zezan.

Hala onartu zutela kontatzen du Rodriguezek, ostean eurekin 11 urtez bizi izan zenak. 

Hainbat gomendio

Bizitza basatian jakinduria handia dago, liburuetatik nekez atera daitekeena, eta horrekin lotutako hainbat gomendio egin zizkien entzuleei; batez ere, gazteenei. Horien artean, besteak beste, honakoak:

  • Mendian edo basoan, animalia beldurgarri bat ikusiz gero, ez zaitezte korrika hasi. Geldi geratu, eta begiratu iezaiozue. 
  • Animaliek sekulako laguntasuna daukate, inbidiarik gabekoa.
  • Zaindu dezagun natura, bestela denok hilko gara.
  • Naturak dena ematen dizu, dena. Eta gainera ez dizu trukean dirurik eskatzen. Baina dena emateko gaitasuna duen arren, edonor hiltzeko gaitasuna ere badu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak