Daniel Enparantza: "Nekatu egin gara, baina pozik gaude egindakoaz"

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko ots. 15a, 11:28
Daniel Enparantza Oñatin

Bere ibilbidea bukatu dela iragarri du Oñatiko Txirrinka taldeak. Ez, zituen helburu guztiak lortu dituztelako, baizik eta "bueltak emanarazteko behar den indarra" agortu zaielako. Hemezortzi urteko ibilbidea egin du taldeak "mugikortasunaren alde". Ibilbideaz eta taldea desegitearen arrazoiez erantzun du taldeko kide den Daniel Enparantzak.

Egunerokoan bizikletan ibiltzea lehen baino errazagoa da gaur egun, itxura batean. Horregatik bukatu da Txirrinkaren ibilbidea?

Eta aukera dago horretarako, baina hemezortzi urteko ibilbide honetan ezin da laburbildu orrialde honetan galdera honi erantzunda. Txirrinkarekin hasi ginenean, bizikletan sinisten genuen, era natural batean ibiltzeko aukera emango zigulako, bizikletan ibiltzea nahi genuen. Ibilbide honetan lantalde oparoa beti prest egon da lanerako eta bidean gurutzatutako pertsona eta eragile desberdinekin asko ikasi dugu. Merezi izan du ibilaldi hau egitea eta harro gaude lan hori egiteagatik. Egia da batzuetan aldapan behera joan garela eta beste batzuetan aldapan gora. Haizearen kontra ere borrokatu izan dugu, baina ingurukoek bidezidorrean zain izan ditugu Txirrinkaren asmoak aurrera ateratzeko. Azkenean, baina, nekatu egin gara lan horretan.

Eguneroko joan-etorriak bizikletaz egin ahal izateko sortu zen Txirrin-ka elkartea?

Txirrinka mugikortasunaren alde lanean aritzeko sortu zen. Bizikletak, oinezkoak, ibilgailuak eta zerbitzu publikoa kontuan hartuta. Orain dela hemezortzi urte bizikleta ez zen aipatzen Oñatiko herriko plangintzan. Horrek esan nahi zuen, beste lurraldeetan bizikletarekiko be-girune handia zegoen bitartean, herrian autoaren joan-etorrietan pentsatzen zela. Horrela, bizikle-tazale batzuen hausnarketa baten ondorioz, Oñatin bizikletaren alde egiteko aukera ikusi genuen, eta, guk bizikletan sinisten ge-nuenez, gai horri bultzada bat ematea erabaki genuen. Horretarako, idatziak, mahai-inguruak, hitzaldiak, bizikleta martxak... antolatzen hasi ginen. Jakitun ginen, era berean, bailarako autobidea egiteko zegoela eta Debagoieneko alkateek bidegorri sarea irekitzeko dokumentu bat sinatu zutela, baina asmo hori garai haietan geldirik aurkitu genuen.

Diozu argi ikusi zenutela Udalarekin baino gehiago, Aldundiarekin jarri behar zenutela harremanetan. Zergatik?

Alde batetik, garai haietan, nik Kalapierekin harremana nuen eta Aldundian zeuden arduradunek gai honetaz sentsibilitatea zuten. Gauzak horrela, harreman naturala izan zen, Gipuzkoan bide sarea irekitzeko plangintza bat egiten ari ziren-eta; eta gu horren parte ginen. Bestetik, Oñatin arau subsidiarioak zeuden, baina herrian beste lehentasun batzuk zeuden, Horregatik, Aldundiaren laguntzarekin eta Udalak gai honekin hartu zuen konpromisoarekin, denen arteko elkarlan baten hasiera izan zen.

Nabaritu duzue herritarren babesa ibilbidean zehar?

Bai; bestela, ez genukeen hemezortzi urte iraungo. Herritarrak, agintariak, Natur Eskolakoak eta bailarakoak Txirrinkaren laguntzaileak izan dira beti. Lerro hauek aprobetxatu nahi ditut eskerrak emateko denei.

Baina erradiografia hori aldatu egin da ordutik hona, ezta? Bidegorria badago, esaterako, eta lanera herritar asko joaten dira bizikletaz.

Bai, orain azpiegiturak ditugu, baina ondo erabiltzea tokatzen zaigu. Bizikletak errespetua galdu die beste erabiltzaileei, eta horretan tematiak izan gara. Pozik gaude lanerako joan-etorrian bizikletak ikusten ditugulako, baita tinbreak eta argiak daramatzatelako. Alor horretan, pausoak eman dira, baina zentzuz jokatu behar dugu; oinezkoak lehentasuna beti izan behar du. Elkarbizitza baten aldeko apustua egin behar dugu. Ordenantzatik harago, errespetuz eta zentzuz jokatu behar dugu gure egunerokoan oinezkoek, bizikletek eta beste ibilgailuek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak