Kobazuloaren sorrera, aurkikuntza eta esplorazioaz gain, bertan eginiko aurkikuntza nagusienaren inguruko xehetasunak biltzen ditu liburuak. Horretarako, hainbat adituren testuak eta irudiak jasotzen ditu, esaterako, Atapuercako zuzendarikide eta Giza eboluzioaren museoko zuzendari zientifikoa Juan Luis Arsuagarena. Atzoko aurkezpenean hitzaldia eskaini zuen, eta bere esanetan, Arrikrutzeko lehoia ale aparta da. Argitalpenaren zuzendari lanak egin dituen Aranzadi zientzia elkarteko Juantxo Agirre Mauleonek azpimarratu zuen talde lanean egindako liburua dela, publiko guztiendako modukoa.
Bestalde, liburuaren aurkezpena aprobetxatu zuten Arrikrutzekin zerikusia izan duten hainbat lagun eta talde omentzeko. Hala, Felix Ruiz de Arkaute, Iñaki Zubeldia, Jesus Manuel Maroto eta Aloña mendiko espeleologia taldea omendu zituzten.
Arrikrutzeko lehoiaren liburua
10 eurotan dago eskuragarri liburua dagoeneko, eta hezurdura ikusi gura duenak, otsailaren 10era arte izango du horretarako aukera Donostiako San Telmo museoan. Bestalde, abenduaren 30ean gaztetxoei zuzendutako irteera berezia egingo dute Arrikrutz kobetan.