Mikel Biain alkateak adierazi zuen moduan, autofinantziazio gaitasunagatik, zorpetze maila jaisten joan da, zeroan utzi arte. Mailegurik eskatu barik egin dituzte inbertsioak, baina 2019an kiroldegiko eta Olaitturriko proiektuak egin ahal izateko, mailegua eskatu beharko du udalak; 6 miloi eurotako mailegua.
Oposizioak, EAJ-k kontrako botoa eman zien aurrekontuei eta arrazoi nagusia egoera finantziarioa izan zen. Lourdes Idoiaga jeltzaleen bozeramailearen esanetan, eurak egindako 34 proposamenen artean batzuk jaso ditu Udal Gobernuak aurrekontuen txostenean, Olakua-Olapoto eraberritzea esaterako, baina planteatu den arlo ekonomikoak desoreka ekarriko du; Idoiagaren esanetan inflexio puntua okerrerako hartzen du kontu-hartzaileak berak.
Jeltzaleek diote onartu diren aurrekontu hauetan negatiboak direla sei adierazleetatik lau; sarrera arruntak txikiagoak direla gastu arruntak baino, esaterako, eta azpimarratu dute eskatu behar den maileguak desoreka ekarriko diola udala, ez duelako fondorik sortu mailegu horri aurre egiteko.
Udal Gobernuarendako, baina, Oñatiko Udalak badu oreka, alkatearen esanetan, bestela ez zen horrelako zorretan sartzeko moduan egongo.
Azkoagaineko azterketa eta Natur Eskolako eta ludotekako obrak
Kiroldegiko eta Olaitturriko proiektuez gain, Azkoagaineko azterketa bat, Bezeroen Arreta Zerbitzua, eta Natur Eskolako eta ludotekako obrak egitea daude jasota aurrekontuetan, baita irisgarritasun lanekin jarraitzea eta diru laguntzak ematea kultura zein hezkuntza sailetik. Berdintasun teknikariaren postua deialdi publikoz betetzeko asmoa ere badu. Herritarren proiektuak egiteko alderdi biek adostutako 500.000 euroak, berriz, partaidetza departamenduan sartu dituzte.