Sarrerak erosteko leihatila digital berria bihar zabalduko dute, 10:00etan

Kultur ekitaldietarako sarrerak erosteko leihatila digitala jarri du Udalak San Juan kalean. Santa Anako, Kultura Etxeko aretoko eta Gaztelekuko ekitaldietarako sarrerak salduko dituzte. Txartel bidez bakarrik egin daiteke ordainketa.

Zinemako sarrerak, Gaztelekuko ekitaldietako sarrerak eta Santa Ana aretoko sarrerak jarriko dituzte salgai leihatila digitalean. Aipatutako leihatila Udaltzaingoaren eraikineko paretan jarri dute, San Juan kale aldera, komun publikoen ondoan.

Bihar zabalduko dute, 10:00etan

Bihar zabalduko dute leihatila, 10:00etan. Han egongo dira salgai abenduaren 9an egingo duten Go!azen antzezlaneko sarrerak, abenduaren 14ko Gospel kontzertukoak eta abenduaren 27ko haurren ikuskizunerako sarrerak, besteak beste.

Aurrerantzean hiru modu egongo dira aurrez sarrerak erosteko: zabaldu berri duten leihatila digitalean, Txokolaitexan edo oñati.eus atarian

Aurrerantzean hiru modu egongo dira aurrez sarrerak erosteko: zabaldu berri duten leihatila digitalean, Txokolaitexan edo oñati.eus atarian. "Aurrez erosteak kostua izango du: 0,50 euro. Sistemaren kostuari aurre egiteko izango da; horrez gain, aurrez erosteak duen erosotasuna eta lekua izango duzula ziurtatzea...", azaldu du Nerea Zubia kultura zinegotziak. Gainera, txartel bitartez bakarrik egin daiteke erosketa.

Leihatila egunean zehar egongo da zabalik, gauez itxi egingo dute.

'Go!azen' bezalako ekitaldi bereziak

"Gura duguna da oñatiarrei lehentasuna ematea sarrerak erosterakoan"

Ekitaldi berezietan, Go!azen modukoetan –sarrerak agudo agortuko direla aurreikusten den kasuetan–, sarrerak leihatila digitalean bakarrik erosi ahal izango dira, eta gehienez hiru: "Gura duguna da oñatiarrei lehentasuna ematea sarrerak erosterakoan. Behin lehenengo astea pasatakoan, geratzen diren sarrerak interneten ere jarriko dira salgai", dio Zubiak.

Saltzen ez diren sarrerak, egunean bertan, ekitaldia hasi aurretik, leihatilan egongo dira salgai.

Sarrerak sakelakoan erakuts daitezke

Nabarmendu dute sarrera erosten denean aukera dagoela passbook aplikazioaren bitartez sarrerak sakelakoan izateko. "Beti egin den moduan sarrera inprimatuta eraman daiteke; eta, bestela, passbook aplikazioaren bitartez sakelakoan. Ez du balio sakelakoan sarreraren Pdf-a eramatea. Formatu hori ezin daiteke irakurri", nabarmendu dute prentsaurrekoan.

Abenduaren 3ko sarrerak, plataforma zaharrean

Euskararen egunaren harira antolatutako ekitaldiak plataforma zaharrean daude salgai –salgai jarri zirenean plataforma berria oraindik martxan ez zegoelako–.

Bestalde, Zubia zinegotziak azaldu du gaur gaurkoz Udalak antolatutako ekitaldietako sarrerak izan arren salgai daudenak, aurrerantzean beste eragile edo elkarteek antolatuko dituzten ekitaldietako sarrerak ere leihatilan erosteko aukera egon daitekeela.

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.