HEMEN DEBAGOIENA

Hizkiz hizki, atzera kontaketa hasi dute Oñatin, bideo bidez

Eneko Azurmendi 2018ko aza. 16a, 11:12

Hamaika enbaxadoreek bideo bana egin dute, bakoitzak bere letrarekin eta azaroaren 12an hasita, egun bakoitzean bat publikatzen ari dira, azaroaren 22ra arte. Atzera kontaketa denez, Euskaraldia hitza ere atzekoz aurrera osatzen A letratik hasi eta e letraraino.

Azaroaren 12an hasi, eta egun bakoitzean bideo bat argitaratzen ari da Oñatiko Euskaraldia batzordea, ekimenari hasiera emateko atzera kontaketa eginez. A letratik hasi, eta e letraraino, enbaxadore bakoitzak bideo bat osatzen du, bakoitzaren letratik abiatutako esaldi batekin. "Azaroaren 23a iristen ari dela eta, pentsatu dugu modu polita dela bideo hauek egitea. Atzera kontaketa denez, Euskaraldia hitza ere atzekoz aurrera osatzen ari gara", adierazi du Iñaki Olaldek, Oñatiko Euskaraldia batzordekideak.

Esaldiei dagokienez, Olaldek berak osatu ditu enbaxadore bakoitzak esan beharreko esaldiak. "Lana aurreratuta eramate aldera, guztiak nik egin ditut. Modu horretan, esaldi guztien artean oreka bat topatu ahal izan dut, eta gai desberdinak landu eta mezu desberdinak eman", dio batzordekideak.

Atzekoz aurrera, hastera goaz. Hamaika egun euskaraz; Ilusioa eta indarra batuta, hemendik aurrera euskaraz; Denon arteko erronka delako, euskaratik eta euskaraz eta Lagunekin, etxekoekin, lankideekin, ezagunekin nahiz ezezagunekin, dakigun horretan mintza gaitezen dira orain arteko esaldiak, eta gaurkoa honako hau da: Amestea eta abestea zoragarria da, eta euskaraz bada, are zoragarriagoa.

Bideoak zabaltzeko hainbat kanal erabiltzen ari dira; gehienbat, sare sozialak –Whatsapp, Facebook, Instagram, Twitter...–. Honen guztiaren helburua da ilusioa piztea eta Euskaraldira begira jendea animatzea.

Izen-emateak

Euskaraldia batzordeak aste honetan emandako datuen arabera, 1.926 oñatiarrek eman dute izena. Gehienak ahobizi-ak dira, eta 215 inguru  dira belarriprest rola hartuko dutenak.

Gaur eta datorren astean ere egongo da txapak jasotzeko aukera, 18:00etatik 20:00etara, kultura etxean. Bestalde, gaur ordu berean eta bihar 11:00etatik 13:00etara, postua jarriko dute plazan eta poltsak eta lanpasak jarriko dituzte salgai, hiru eta hamasei eurotan, hurrenez hurren. Izena emateko aukera ere egongo da postu horretan.

Komertzioen egitasmoa

Oñatiko komertzioek eta elkarte gastronomikoek ere bat egingo dute Euskaraldiarekin. "Pentsatu genuen ekimena ez genuela zertan pertsona indibidualetara mugatu. Kontuan hartuta herrian komertzio eta elkarte gastronomiko asko daudela, ekimena espazio horietara zabaltzea erabaki genuen", azaldu du Arkaitz Bengoak, batzordekideak. Ekimenak, gainera, "oso erantzun ona" izan du. Izan ere, 109 komertzio eta elkarte inguruk eman dute izena dagoeneko –gehienak komertzioak dira–.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak