Erabilera publikoko komun irisgarriak jartzea da partaidetzazko aurrekontuen proposamen bozkatuena

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko aza. 13a, 14:01

Guztira 1.032 baliozko bozka jaso dituzte herritarrengandik, Oñatiko partaidetzazko aurrekontuen prozesuan, eta %97,8ak egin du erabilera publikoko komun irisgarriak jartzearen alde; Olabarrieta eta Asentzio artean, eta San Pedro eta Madalena artean jarriko dituzte. Bigarren proposamen bozkatuena, botoen %47,1arekin, haurren jolas parke bat estaltzea izan da eta Ugarkaldekoari jarriko diote estalpea.

Aurkeztu dituzte Oñatiko partaidetzazko aurrekontuen prozesuan aurrera egingo dituzten proiektuak. Bozka emateko epea urriaren 31n bukatu zen eta herritarrek bozka faseraino iritsi ziren 38 proposamenen artetik aukeraketa egin behar izan dute 500.000 euro zeudela kontuan hartuta. Azkenean, hamasei proposamenek egin dute aurrera.

Aurrera egingo duten proposamenak

Bozka gehien jaso duen proiektua erabilera publikoko komun irisgarriak jartzearena izan da; Olabarrieta eta Asentzio artean eta San Pedro eta Madalena artean jarriko dituzte, eta bozkatu dutenen ia %98 eman du horren aldeko bozka.

Hurrengo proiektua, bozka portzentajean %47arekin, haurren jolas parke bat estaltzea irten da, Ugarkaldekoa hain justu ere. Eta botoen %40 inguru jaso dituzte beste hiru proposamen hauek: bizikletendako aparkaleku estaliak jartzea, zebra bideak argiztatzea eta launakako zakarrontziak jartzea herriko hainbat puntutan.

Dena dela, badaude aurrera egin duten beste hamaika proposamen ere, hauek dira: herriko hainbat puntutan banku gehiago jartzea; zaborra lurrera ez botatzeko kontzientziazio kanpaina bat egitea; Olakua auzoko kantxa hobetzea; herrigunean altuera txikiko rokodromo bat eraikitzeko pareta bat egokitzea; Urdandietako Udal ur depositurako baso bidean dagoen lur jausia konpontzea; igotzeko eta oreka mantentzeko jolasekin gune bat hornitzea; kartelak, pankartak edo pintadak horretarako egokitutako tokietatik kanpo ez egin edota jartzeko sentsibilizazio kanpaina bat egitea; adineko pertsonen erorketen prebentziorako jarduerak garatzeko espazio bat egokitzea; Emakumeen Etxea martxan jartzeko herri mailako diagnostikoa egitea; aire libreko zine emanaldiak eskaintzea; eta industria-pabilioi hutsen eta horien erabilera aukeren azterketa egitea.

Bozketan 1.150 lagunek hartu dute parte, 1.032 izan dira balizkoak eta Nerea Zubia zinegotzia pozik dago, prozesuak izan duen parte-hartzearekin.

Aurrera egin duten proposamen guztiak 2019an edo 2020an exekutatuko dira eta aurkezpenean adierazi dute orain aztertu egin beharko dituztela urte bakoitzean zeintzuk egin. Dena dela, aurreratu dute seguruenik behintzat botoen %98a jaso duen komun publikoen proiektua datorren urtean egingo dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak