Hamarkadatan zehar harreman estua izan zuen Joxan Artze usurbildarrak Aranzazurekin, batez ere, Goiko Benta ostatuarekin, eta bertan egin zuten atzo iluntzean Artze, Joxan…Gogoan! izeneko omenaldia.
Bibliotekaren Egunaren harira Oñatiko Udal Liburutegiak antolatutako ekitaldia izan zen, eta Andoni Salamero eta Mixel Ducau izan ziren bertan gidari. Usurbildarraren olerkiak errezitatu zituen Salamerok; Ducauk, aldiz, musika jarri zion omenaldiari gitarrarekin, klarinetearekin eta txirularekin. Besteak beste usurbildarrak idatzi zituen Gure bazterrak edo Txoria txori bezalako abestiak jo zituen.
Artzeren alderdi guztiak
Txalapartaria, poeta, idazlea, abestien egilea... Horiek guztiak izan zen Artze, baina 90eko hamarkadaz geroztik usurbildarrarekin gertuko harremana izan zuen Andoni Salameroren esanetan, bada beste alderdi bat jendeak ezagutzen ez duena: espiritualtasunarena. Eta horri ere egin zioten lekua atzoko omenaldian. Hala, ekitaldia hiru aspekturen arabera egituratu zuten: gizakiok bizi dugun ezinaren inguruko olerkiak; natura; eta transzendentzia.
Goiko Benta ostatuan toki goxoa egokitu zuten omenaldirako. "Guk bakarrik ez, Arantzazu denak zeukan harreman berezia Joxan Artzerekin. Nik txikitatik ezagutu dut, eta gerora, baita bere ibilbidea ere. Bere heriotza gogorra izan zen, eta liburutegitik esan zigutenean zerbait egin behar genuela, baiezko borobila eman genuen; etxekoa zen guretzat", adierazi zuen Goiko Bentako Miren Maiztegik. Ekimenak harrera ona izan zuen, liburutegiko arduradun Arantzazu Ibarrondoren esanetan, 60 lagun inguru elkartu ziren-eta bertan: "Arrakastatsua izan da, eta denak oso gustura irten dira". Behin ekitaldia bukatutakoan, hala gura izan zuenak Artzeren bikotekide zen Karmen Estebani emango zaion liburuan sinatzeko aukera ere izan zuen.