2017ko urriaren 1a aurretiko egoera aztertu zuten lehenengo. "2006an Kataluniako parlamentuak estatutu berri bat onartu zuen, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zituen kataluniarrek gakotzat zituzten hainbat puntu, hala nola, nazio aitortza edota trataera fiskal ezberdin bat. Horrek sekulako haserrea piztu zuen. Hor dago Katalunia azken urteetan bizitzen ari denaren oinarria", azaldu zuen Barrenak.
Galdeketa eta independentzia aldarrikapena nola bizi izan zuten ere izan zuten hizpide. Katalanek egindako kontsulta, ez zuen begi onez hartu Espainiako Gobernuak, eta horren ondorioz, poliziaren eta Guardia Zibilaren interbentzioak ustekabean harrapatu zituzten katalanak. "Espainiak erakutsi zuen ez dagoela prest modu demokratikoan katalandarrek euren etorkizuna erabaki dezaten. Beraz, azken urte honetan, errepresioaren ondorio shock horretan bizi dira, eta, bestetik, etorkizunari begirako estrategia bat berregin nahian daude. Oso modu zailean, politikagintzako aurpegi ezagunenak espetxean edo erbestean daudelako, eta momentu honetan estrategia ezberdinak bizitzen ari direlako independentismoaren baitan…".
Independentismoa trinkotuta
Urriaren 1ean gertatutakoak oinarri independentista trinkotu duela ere gaineratu zuen Barrenak, eta Kataluniako gizartearen eta Espainiaren artean haustura bat gertatu zela. Honekin batera, kataluniarrak esperoan daudela nabarmendu zuen Bilduko nazioarteko lan taldeko kideak: "Presoen aldeko mobilizizaoetan, edo azkenengo Diadaren molilizazio erraldoietan, oinarri sozial-independentista oso potendea dago, eta asmo independistaren bide berri baten zain daude, ea nork aurkeztuko dien estrategia berri, adostu eta ilusionante bat, bide horri segida emateko".
Estrategiak adostuz
Euskal Herrira etorriz, egoerak antzekoak, baina desberdinak direla adierazi zuen Barrenak. Euskal gizartean, erabakitzeko eskubidearen aldeko babesa zabala dela, baina ez dela hain handia proiektu independistarena. Beraz, hemen gauzak modu ezberdin batean egin behar direla adierazi zuen, estrategiak adostu behar direla azpimarratuz: "Badago behar bat Kataluniako prozesua eta Euskal Herrikoa sinkronizatzeko. Ezberdinak dira, fase ezberdinetan gaude, baina ezin dugu ahaztu bioi erabakitzeko eskubidea ukatzen digun estatua, estatu Espainola dela. Beraz, estrategiak adostea aholku inportantea izango litzake".