Urriaren 15ean hasiko dute eskola kirola herriko neska-mutikoek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko urr. 5a, 09:58

Oñatiko Eskola Kirola eta Hezkuntza elkartea buru belarri ibili da proiektu berriaren norabidea zehazten; bada, lan horiek eginda, 18/19 ikasturtea martxan jartzeko ordua iritsi da. Urriaren 15ean hasiko dituzte saioak, 491 gaztetxok.

Eskola kiroleko koordinatzaile Rosa Lasagabasterrek azaldu du gaztetxoek 27 entrenamendu saioa izango dituztela, 12 lehiaketa jardunaldi eta 15 topaketa. "Oso pozik gaude matrikulazio kopuruarekin: 491 gaztetxok eman dute izena. Nabarmentzekoa da L.H 3. mailatik LH 6. mailara arteko ikasleen %74ak eman duela izena eskola kirolean", azaldu du proiektuaren aurkezpenean. Datu hori "altua" dela nabarmendu du baita ere diputazioko kirol zerbitzuko buru Iñaki Iturriotzek.

Jarraipena Aloña Mendin

Eskola kiroleko kirol eskaintza zehazterako orduan kontuan izan dute eskaintzak lotura zuzena izatea kirol elkarteekin. Modu horretan, gaztetxoek euren gustuko kirolean jarraitzeko aukera izango dute Aloña Mendi elkartean –edo beste elkarteren batean.

18/19 ikasturteko aurrekontua izango da: 99.287,37 euro. Udalak %46,57 jarriko du, izen-emateetan %27,53 lortu da, diru pribatua %14,28 izango da, Aldundiak %11,01 jarriko du eta gainerako %0,61a federazioek jarriko dute.

Baloreetan oinarrituta

Eguaztenean egindako aurkezpenean Mikel Biain alkateak nabarmendu zuen poztekoa dela horrelako proiektu batean "hain izaera ezberdinetako" eragileak ikustea. Elkartearen atzean herriko hiru ikastetxeak daude. Iokin Garai elkarteko lehendakariak azaldu zuen: "Ez da lan samurra izan baina uste dut proiektu polita irten dela. Izen-emateak ikusita aurrera egiteko esperantza dugu eta gogoarekin gaude".

Aldundiko ordezkari Iturriotzek esan zuen ez dela ohikoa eskola kirolean ikastetxeak eta herriko beste eragile batzuk nahastea; horregatik, "hezkuntza mundua ondoan" izatea garrantzitsua dela nabarmendu zuen.

Proiektua babestu dute Ulmak, Lanak, Natrak eta Fagor Industrialek. Natrako ordezkari Esther Carrilok azaldu zuen Natraren izaeran "talde lana" dagoela, eta horregatik babestu dutela proiektua. Lanako Mirari Zilaurrenek, Ulmako Raul Garciak eta Fagorreko Jone Urzelaik "pertsonak baloreetan hezten" duen proiektua dela nabarmendu dute. Kooperatiben asmo eta balioekin bat datorren proiektua dela gaineratu dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak