Errefuxiatuendako harrera-etxeari buruzko bilerak piztu du oñatiarren interesa

Txomin Madina Milikua 2018ko ira. 19a, 18:22

Eusko Jaurlaritzako, CEAR-Euskadiko eta Oñatiko udaleko ordezkariek iraila bukaeran zabalduko duten errefuxiatuendako harrera-etxeari buruz oñatiarrek egindako galderak erantzun zituzten atzo. Herritarrek goraino bete zuten udaleko osoko bilkuren aretoa.

Txiki geratu zen atzo Oñatiko udaletxeko osoko bilkuren aretoa errefuxiatuendako harrera-etxea izango denari buruzko bilera informatiboan. Herritar asko bertaratu ziren eta erakundeetako ordezkariek, azalpenak eman ostean, bileran planteatutako galderak erantzun eta kezkak argitu zituzten. Mikel Biain alkatearekin eta Lourdes Idoiaga EAJren bozeramailearekin batera egon ziren Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando eta CEAR-Euskadiko zuzendari Patricia Barcena.

"Jarrera positiboa"

"Badakigu gaia kezka eta aurreiritzi iturri dela, eta herritarrei normaltasunez azalpenak ematea izan da gaurko bileraren helburua", zioen saio informatiboaren ostean Mikel Biain alkateak eta gustura agertu zen herritarrek emandako erantzunarekin: "Adin aldetik aniztasun handia egon da, eta kontrako iritziren bat ere entzun den arren, oro har jendea jarrera positiboarekin eta laguntzeko gogoarekin ikusi dut". Proiektua Jaurlaritzak finantzatuko du eta CEAR-Euskadik kudeatu; ondorioz, hasiera baten behintzat, alkatearen esanetan ez du eraginik izango udal baliabideetan: "Behar bereziren bat ikusten badugu, gainera, Jaurlaritzarekin jarriko gara harremanetan. Hasieratik izan dugu bi aldeok elkarlanerako jarrera, eta laguntzeko prest agertu da ". 

Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernandok, bere aldetik, bi arrazoi azpimarratu zituen harrera-etxea Oñatin zabaltzeko: Udalak erakutsitako prestutasuna, eta erabiliko den eraikina aproposa eta Jaurlaritzarena izatea. Herritarrei mezu bat ere bidali nahi izan zien: "Uste dut proiektu oso polita dela, asko sufritu duten eta oraindik asko sufritzen ari diren pertsonen beharrei erantzuten diena. Estatuek eta Europar Batasunak ezarri duten sistematik kanpo daude eta sistema horrek paperei eta tramiteei begiratzen dien bitartean, guk pertsonei begiratzen dien harrera proiektu bat egin gura dugu".

Harrera-etxearen funtzionamendua

Hasiera baten, 100 plaza izango ditu Larraña auzoan dagoen eta bere garaian barnetegia izan zen eraikinean egongo den harrera-etxeak. "Nazionalitate askotako jendea etorriko da, bizkarrean istorio asko, ibilbide zailak eta esperientzia gogorrak izango dituztenak. Beraien herrialdeetan jazarriak izan diren pertsonak dira, ihes egin dutenak eta gurera babes eske etorri direnak", azaldu zuen atzo CEAR-Euskadiko zuzendari Patricia Barcenak, eta norbanakoek zein familiek egingo dituzten egonaldiak mugatuak izango direla gaineratu: "Gure kalkuluen arabera bi edo hiru hilabetekoak. Horixe da gaur egun  administrazioak behar izaten duen denbora epe-ertain luzerako etxebizitza bat emateko". Bileran zehaztu zuten baita ere ez dela bakarrik dagoen adingabekorik egongo.

Harrera-etxean gizarte langilez eta gizarte integratzailez osatutako lantalde bat egongo da eta baita administrazioan eta logistikan lan egingo duen jendea ere. Barcenaren esanetan, behar berezirik balego Bilboko, Gasteizko eta Donostiako lankideen laguntza ere izango lukete.

Segurtasunaz galdetu zuen atzoko bileran herritar batek, eta zentzu horretan, lasaitasunerako deia egin zuen CEAR-Euskadiko zuzendariak: "Esperientziak esaten digu gehienek nahi dutena  lasaitasuna dela, beraien bizitza berregitea, bakean bizitzea. Aniztasunean modu normalizatu batean bizi dira, aurrez pentsatu daitekeena baino gehiago. Beste aldetik, zentroan langile asko egongo dira, eta horiek bakoitzaren egoerari adi egongo dira".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak