Badatoz Oñatiko San Migel jaiak

Goiatz Arana Begiristain 2018ko ira. 18a, 16:15

Pasa berri den domekako haurren egunarekin jai giroan murgilduta eta egitaraua etxeetan banatuta, bi jai asteburu luze dituzte aurretik. Egitarauak ohiko egitura du, baina badira berritasunak edo hain ohikoak ez direnak ere.

Horien artean aipatzekoak: Euskal Herriko Sagardo Txapelketako finalaurreko bat, hilaren 21ean, Larraingain elkartean; Txantxikuaren jaitsiera aurreko trialsin ikuskizuna, 28 arratsaldean, plazan; edota magia ikuskizuna, 29 arratsaldean, Portuko plazatxoan. Iaz lehen aldiz egindako berakatz zopa lehiaketa arrakastatsuak, bestalde, izango du lekua aurtengo egitarauan ere.

Atzeko kaleko eszenatokia, plazakoa eta txosnetakoa izango dira agertoki nagusiak, baina, jaiak herriko eremu ezberdinetara zabaltzeko asmoari jarraiki, Bidebarrietako plazan eta Olaitturrin, esaterako, antolatu dituzte ekintzak aurten ere.

Gatibu, talde izarra

Musikari dagokionez, Gatibu izango da talde izarra; hilaren 29an eskainiko du kontzertua, plazan. Baina Atzeko kaleko eszenatokiari aipamen berezia egin gura izan diote Kultura sailetik, emakumeen eszenatoki bihurtzen ari delako, propio hori bilatu ez duten arren. Gerora arrastoa uzten ari diren emakume musikariak igaro dira, gainera, bertatik; Izaro eta Iseo dira horren adibide.

Sexu erasoak eta segurtasuna

Sexu erasoei dagokienean, zabalik egongo da Beldur Barik Gunea eta tolerantzia zero izango da. Sokamutur ekitaldietan segurtasun arauak errespetatzea eskatu dute eta berdin, bi urteko etenaren ondoren, urriaren 7an egingo den su ikuskizunean ere.

Jaien aurrekontua 201.462,54 eurokoa da. Udal ordezkarien esanetan, herriko eragile askoren laguntzarekin osatu dute egitaraua, eta adin eta gustu guztiak asetzea izan dute helburu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak