Ostalaritzako ordenantza berria ari da lantzen Oñatiko Udal Gobernua eta uztaileko osoko bilkurako zerrendako gaien artean sartu zuten behin-behineko onarpena jasotzeko. Ordenantza ona dela deritzo alkateak eta atal zigortzailea eguneratuta duela.
Ordenantza horri ekarpenak egiteko epea zabalik egon den bitartean bi proposamen jaso dira udal bulegoetan eta oraindik goiz den arren, ordenantza behin betiko onartzen denerako ekarpenetako batzuk txostenean jasotzeko moduan egongo direla uste du Mikel Biain alkateak, esaterako, udaltzainen gaueko zerbitzua. Zerbitzu hori dagoeneko udaltzainburuarekin aztertzen ari dela gaineratu zuen. Udaltzainek, gainera, tabernetako zaraten kontrolaz gain bestelako lanak ere egingo lituzkete, segurtasuna zaindu, esaterako.
Tabernen inguruko aferari lotuta, baina, udaltzainek eta ertzainek egingo lukete ordenantzak jasotzen duen “ikuskaritza” lana. Herritarrek “detaile gutxi” ikusten zuten ordenantzan eta alkateak esan du ordenantzaren nahia ez dela zarataren kontrolaren zama herritarren gain uztea, nahiz eta salaketa horiek gero ere egon daitezkeen.
Tabernen zaratak neurtzeko orain arteko aparailuak ez direla eraginkorrak ere esan du Udal Gobernuak eta ordenantzan legeak esaten dituen modukoak jaso dituztela adierazi du alkateak.
EAJk lehengo jarrerari eutsi dio eta kontrako botoa eman du, espero bezala. Dio ordenantza berriak ez duela ikuskaritza planik jasotzen. Udal Gobernua udaltzainen zerbitzua jartzea aztertzen ari denari buruz, Lourdes Idoiaga jeltzaleen bozeramaileak adierazi du EAJren eskaria izan dela hori.
Tabernetan jarriko dituzten aparatuen inguruan, Idoiagak ez du garbi ikusten Udal Gobernuak buruan duen sistema eta telekudeaketaren alde egiten dutela gaineratu du.
Euskaraldia
Gai zerrendatik kanpo, Euskaraldia Udal barruan sartzeko adierazpena adostu eta onartu zuten alderdi biek. Hala, Oñatiko udalbatzak bat egiten du Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da eta konpromisoa hartzen du erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko. Horrez gain, onartu dute Oñatikoko Udalak neurriak hartuko dituela euskararen hizkuntza-praktikak posible izan daitezen eta etorkizunean eutsi ahal izateko.
Osoko bilkura telebistan eta sarean
19:30ean izan ohi dira osoko bilkurak Oñatin. Uztailekoa 18:00etara aurreratu zuten eta GOIENAn ordutegi aldaketaren jakinarazpena garaiz jaso ez genuenez, ezin izan dugu grabatu. Ondorioz uztaileko osoko bilkura ezingo da ikusi ez Goiena Telebistan ezta Goiena.eus atarian ere.