Atzo, eguena, uztaileko osoko bilkura ziren egitekoak Oñatin, eta Udal Gobernua lantzen ari den ostalaritzako ordenantza berriaren proposamena eztabaidatu behar zuten udalbatza osatzen duten zinegotziek. Besteak beste, tabernen zarata mailaren eta ordutegien inguruko neurriak jasoko ditu horrek.
Herritarrak
Tabernen inguruan egon diren arazo gehienak plazatik beherako gunean sortu dira. Hango herritar talde batek ere behin baino gehiagotan adierazi du kexa sortzen den zaratagatik, eta irtenbidea eskatu. Ordenantza berri honen inguruan galdetuta, diote "berandu etorrita" ere, ondo ikusten dutela ordenantzari heltzea eta antolatzea. Baieztatu dute taldeak berak ordenantza jaso ez badu ere, herritar batzuek indibidualki jaso dutela eta talde moduan egin dizkiotela ekarpenak horretarako zabalik egon den epe barruan. "Ordenantzaren jarraipena nork eta nola egingo den ez dugu garbi ikusten dokumentu horretan. Detaile gutxi ikusten ditugu. Egun zarata neurtzeko tabernetan dagoen sistema hori kendu egingo dutela ulertzen dugu guk ordenantza irakurrita, baina ez dugu aurkitzen hori nola ordezkatuko den. Hori izan da gure ekarpenetako bat, kontrol hori nork egingo duen zehaztea. Beste herri batzuetan, asteburuetako udaltzain zerbitzuak egiten ditu atestatu lanak, baina Oñatin ez dago zerbitzu hori eta iruditzen zaigu ordenantza honetan herritarrengan kontenplatzen dela zeregin hori. Beste ekarpen bat izan da taberna bakoitzari txekeo moduko bat egitea, ikusteko zein gabezia dituen ordenantzak jasotzen dituen eskaerak betetzeko, eta epe bat jartzea horiek betetzeko. Ekarpenekin batera bilera egiteko eskaera ere idatzi genuen, denbora luzea da-eta ez garela Udal Gobernuarekin batu. Gobernu Taldeak erantzun digu bilera aste honetan bertan egiteko proposatuz, baina, opor garaian egonda, bakoitza bere planekin, irailean egitea adostu dugu", dio herritar talde horretako kide batek.
Tabernariak
GOIENAk hitz egin duen gune horretako tabernariek ez dute ordenantza ikusi. Berba egin gura izan dutenen artean, batek erantzun du ez duela ekarpenik egin horregatik, ez duelako ikusi zer jasotzen duen. "Kontrola egon behar da, bai, baina hori zeinek egin behar duen jakin behar da", gaineratu du. Beste batek, aldiz, ekarpena egin duela aitortu du. "Ez dugu ordenantza ikusi eta ez dakigu zer jasotzen duen, baina guk proposatu dugu ordutegia adostu egin behar dela tabernarien eta herritarren artean. Eurek deskantsatu egin behar dute, baina guk lan egin gura dugu, eta, horregatik, alde bien artean jarritako ordutegia izan behar dugula uste dugu. Eta ordutegi hori berdina izan beharko litzateke guztiondako, ezberdintasunik egin barik. Zarata, askotan, kanpoan dagoen jendeak ateratzen du. Tabernak ateak itxita baditu eta musika egon beharreko mailan badago, kanpotik ez da zaratarik entzuten. Dena dela, zeinen ardura da kanpoko zarata hori zaintzea? Egin dugun beste proposamen bat izan da jaietan tabernak zabalik izateko dugun baimen berezi hori mantentzea".
Desadostasuna
Ordenantza horri ekarpenak egiteko epean bi proposamen jaso dituztela baieztatu du Mikel Biain alkateak. Ekarpen horiek batzorde berezi batean aztertu dituztela esan du eta "bat edo beste behin betiko ordenantza onarpenari begira kontuan hartzeko modukoak" direla baloratu dutela bilera horretan.
Mikel Biain alkatearen esanetan, orain arteko ordenantza egungo legedira moldatuko dute, eta arau-hausteen zigorrak eguneratuko. Zarata maila kontrolatzeko sistema aldatzea ere proposatzen du, eta "ikuskaritzak" egongo direla gaineratu. Lourdes Idoiagaren ustez, ordenantza berriak, zigortzailea beharrean, prebentiboa izan beharko luke. Ordenantza egiteko moduan ere ez datoz bat bi alderdiak.