Baratzeko Pikuak, hiru txorten baino gehiago

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko uzt. 14a, 09:22
Baratzeko Pikuak gunearen proiektuaren marrazki bat (Argazkiak: Oñatiko Udala)
San Martin auzoan egingo duten jolasguneko goiko aldean berdegunea zabalduko dute eta behekoan elementu naturalekin gozatzeko espazioa egingo dute: txirrista, uraren gunea, rokodromoa, arbela eta 'tipi' bat izango ditu, besteak beste.

Bi zati izango ditu San Martin auzoan egingo duten jolasgune berriak: goiko aldean hosto iraunkorreko arteak eta gereziondo japoniarrak egongo dira; behekoan, landareekin, urarekin eta harearekin jolasteko espazioa.

Harea eta pinu-azala

"Jolasgunera goiko partetik sartzeko bi modu egongo dira: txirristan behera edo pneumatikoz
egindako eskailera erabilita", dio Hirigintza zinegotziak, Irati Etxeberriak. Parkera sartzeko beste sarrera errepidetik da. Eta espazio horretan jolaserako elementu asko egongo dira. "Alde bateko pareta, esaterako,
arbel handi bat izango da eta marrazkiak egin edo idatzi egin ahal izango dute umeek. Beste paretan, berriz, rokodromo txiki bat egingo dute, 2,5 metroko altuera izango duena", azaldu du Etxeberriak. Eta pareta bien arteko gunean elementu naturalekin jolasteko hainbat proposamen. Erraldoien plaza
izeneko gunean, esaterako, enbor erraldoiak egongo dira eta parean, egurrekin egindako tipi bat. Landarez egindako tunel txiki bat ere egongo da. "Egitura burdinazkoa izango da, baina gero, landare igokariak
erabiliko dira egitura estaltzeko, jasmin faltsua izeneko landarea, hain zuzen ere, hosto iraunkorrekoa", zehaztu du Hirigintza zinegotziak.
 
 
Uraren gunea ere egongo da, urarekin jolasteko. Inguru horretan zazpi bat metroko akazia zurituak landatuko dituzte. Pikondo bat ere egongo da gunearen puntu batean eta haren azpian, landaren usaintsuez hornitutako bederatzi traktore pneumatiko. Ohiko eserlekuak jarri ordez, harri beltz zabalak jarriko dituzte atseden hartzeko.
 
Lurzoruko materiala ezberdina izango da gune batean edo bestean. Rokodromoaren aldean,esaterako, pinu-azala egongo da lurrean; 40 zentimetroko sakonera izango duen lurzorua, segurtasunagatik. Pago-enbor erraldoiak dauden gunean, berriz, harea edo hondarra botako dute lurrean.

Irailean

Olaran Paisaia egitasmoaren proiektu hori eginda dago eta lizitaziora atera dira lanak dagoeneko. Abuztuaren 10a da interesa duten enpresek euren proposamenak aurkezteko azken eguna. Udaleko teknikariek eskaintzak aztertuko dituzte, gero eta, lanak zeinek egin erabaki. Abuztua tartean egonda, obrak irail aurretik ez dira hasiko. Lanen aurrekontua 164.500 euro da. Lanak egiteko epea, berriz, zortzi astekoa.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak