Pago mozketaren adibidea ezagutu dute

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko mai. 18a, 10:00
Martitzenean Artasora egindako irteeran. (Argazkia: Oñatiko Udala)
Frantziako eta kataluniako Pirinio inguruko hainbat basozain eta ingurumen teknikari izan dira astean Artason pago mozketaren teknika eta arrazoiak bertatik bertara ikusten. EAEko hiru aldundiek eta Hazi Fundazioak antolatutako jardunaldia izan da.
Zuhaitz motzak babesteko, pago mozketa egin zen Iturrigorrin, duela hamar urte, Europa mailako Life ekimenaren babespean. Aste honetako lehen bi egunetan, Frantziako eta Kataluniako Pirinio inguruko herritarrak izan dira Oñatin, Euskal Herrikoekin batera, ekimen horrek duen eta izan dituen garrantzia eta ondorioak bertatik bertara ikusten. EAEko hiru aldundiek eta Hazi Fundazioak antolatutako jardunaldia izan da.

Elkartrukea

Herrialde ezberdinetako basozainak, landa garapeneko teknikariak eta basogintzan aritzen diren 35 bat lagun elkartu ziren astelehenean Arantzazun. Hurrengo egunean, Life programaren emaitzen aurkezpena eta Oñatiko esperientzien berri eman zien Gomiztegin alkateak, Mikel Biainek, eta, parketxea bisitatu ostean, irteera egin zuten Artaso ingurura. "Duela hamar urteko Life programaren jarraipenak Poctefa Green du izena orain eta horren barruan egin diren ekimenak ezagutu eta ikusi genituen. Pasa den abenduan egin zen Artaso inguru horretan beste pago mozketa bat eta haraxe joan ginen", dio Landa Garapeneko udal teknikari Itziar Iglesiasek. Elkartruke teknikoak ere egin zituzten irteera hartan, Pirinioetako zona ezberdinetako herrialde bakoitzak bere beharren edo egoeraren arabera erabili baitu
Poctefa Green programa. "Guk pago mozketak egin ditugu, baina Katalunian, esate baterako, basoen heldutasun maila neurtzeko lanak egin dituzte", dio Iglesiasek.

Biodibertsitatea

Burdinolen garaian ikatza egiteko erabiltzen zituzten pago motzen adarrak, eta haien azpian sortzen zen larrea abeltzainendako zen egokia. Pago motzak ziren ganadua eta basoa osagarri izan zitezen. Pago motzak aukera ematen zuen ardiak, behorrak eta behiak behean ibili zitezen, zuhaitzak mantenduz, bestela adarrak jango zituzkeen-eta ganaduak. Forma berezia hartzen dute zuhaitzek eta ez dira horra gora iristen; goian dago egurra eta behean belarra. Behin altuera batera moztuta, adar asko ematen ditu,
eta 10-15 urtean behin moztu behar dira.
 
Paisaia horrek ahalbidetzen duen bioaniztasuna oso handia dela gaineratu du Iglesiasek: "Hildako zuhaitzak hainbat zomorroren bizitoki dira eta horiek, aldi berean, hegaztien jaki. Biodibertsitatea ikaragarri handitzen da eta ondare naturala aberastu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak