Herriko kultura elkarteen hastapenak gogora ekarriz

Iker Oñate 2018ko eka. 7a, 15:45

Bukaerara heltzear da Jerardo Elortzaren omenezko Kultur Astea. Eta, tartean, herriko kultura elkarteen hastapenez jardun zuten eguaztenean. Bete egin zen kultura etxeko aretoa.

Jerardo Elortza historialaria omentzea xede, Kultur Aste berezian murgildurik dira oñatiarrak. Ekintza sorta oparoaz gozatzeko aukera izan dute azken egunetan. Tartean, mahai ingurua egin zuten herriko kultura etxean. Finean, herriko zenbait kultur elkarteren hastapenak ekarri zituzten gogora, euskal kulturaren eta euskararen pizkundearen teoriara gerturatzeko ahaleginean –60ko eta 80ko hamarkada artean gertatu zen hori–. 

Hain zuzen ere, hastapen horietan esku hartu zuten zenbait hizlarik jardun zuten berbetan: Karmentxu Baltzategi –Oñatz kultur elkartea–, Euxebi Osa –herriko ikastola– eta Juantxo Madariaga –Udal liburutegia–. Nork bere esperientzia azalduz, pizkunde hura izan zuten jorragai. Eta Luxio Ugarte oñatiarrak egin zituen moderatzaile lanak.

Gainera, Jerardo Elortzak berak ere ez zuen hitzorduan esku hartzeko aukera galdu gura izan. Besteak beste, mahai-kideen kontakizunean laguntzea eta garaian garaiko anekdotak ezagutaraztea izan zituen zeregin. Bestetik, galderak egiteko aukerarik ere izan zuten bertaraturikoek.

Hitzordua bukatuta, "pozik" azaldu ziren egitasmoaren bultzatzaileak. "Ederra izan da Oñatzen eta ikastolaren sorrera entzutea. Ikastolaren kasuan, une haiek zein gogorrak izan ziren azaldu dute, eta entzutera etorritako asko hunkitu egin dira", dio Kepa Elortzak, Kultur Astearen antolakuntza taldekoak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak