Mikel Biain alkatea pozik azaldu da. "Gauza polita da guretzako. Eusko Ikaskuntza ahalegin berezi bat egiten ari da lurraldetasunari dagokionez. Adibidez, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa errektore kontseiluan sartu da, Nafarroako Gobernuak ere bere harremanak normalizatu ditu elkarte honekin eta, zentzu horretan, ilusioa pizten digun erakunde bat da. Estatugintza ikuspegi batetik, lan polita egin daiteke Eusko Ikaskuntzan", adierazi du.
Bazkidetza honekin, Oñatiko Udalak Eusko Ikaskuntzarekiko duen konpromisoa berretsi du, eta Biainek adierazi du Oñati "beti prest" egongo dela elkarteari laguntzeko.
Xabier Alkortak, 100. urteurrenako ekintzen arduradunak, azpimarratu du ekitaldi berezia eta, ere berean, polita izan dela gaurkoa. "Etxean sentitu gara. Ez bakarrik Oñatin geundelako, baizik eta guztiok ezagunak garelako, eta indarberrituta atera gara ekitalditik.
Gaineratu du Euskal Herriak "behar" duen erakunde bat dela Eusko Ikaskuntza. "Lurralde guztak batzen ditu Eusko Ikaskuntzak, eta alderdikeriatik aparte, bakoitzak bere iritzi eta ideologiak errespetatuz, amankomunean ditugun balioak indartu, eta etorkizunerako bidea egiteko balio du".
Omenaldiak
Omenaldietarako ere egon da tarterik. 1978an elkartearen birsortze prozesuan aritu ziren 60 bazkide omendu dituzte –140 dira guztira–. Banan-banan izendatu dituzte eta oholtzara igo dira oparitxo bat jasotzera. Iñaki Dorronsoro presidenteak eta Xabier Alkortak eman dizke oparitxoak.
Horrez gain, elkarteko presidente izan diren guztiak ere omendu dituzte.
Oñatzen harrera
Santa Anara iritsi baino lehen, plazan egin diete harrera Eusko Ikaskuntzako kideei. Hain zuzen ere, Oñatz dantza taldeko dantzariek egin diete ongi etorria. Ondoren, kalejiran joan dira antzokira, eta dantzariek pasilloa egin diete.