Herriko kontsumoa sustatzeko helburua duen aplikazioa da Merkatari, dendarien eta bezeroen arteko harremana hobea, sendoagoa, izaten lagunduko duena. Goienak bailarako udalei eskainitako tresna da eta Oñatiko Udala izan da batu den azkena.
Funtzioak
Dendarien eta herritarren arteko zubi-lana egitea du helburu Merkatari egitasmoak. Merkatari-k aukera ematen du, esaterako, txat zerbitzu baten bitartez herritarrek merkatariei mezu zuzenak bidaltzeko. Merkatariek euren promozioen berri eman eta katalogoa erakusteko aukera ere izango dute, eta herritarrek balorazioak egin ahal izango dituzte. Proiektuaren kudeatzaile Asier Amutxastegik azpimarratu du aplikazio bitartez aukera izango dutela merkatariek herriko bezeroek dituzten "beharrei erantzuteko".
Aurreikuspenen arabera, herritarrek uztail bukaeran izango lukete telefono mugikorreko aplikazioa eskuragarri; hasiera batean, Android eta Ios sistemako gailuetan legoke erabilgarri.
Formakuntza
Astelehenean egin zuten tresna horren aurkezpena, udaletxean, eta hobeto ezagutzen hasiko dira orain. Lehenengo, merkatariekin ezarpen edo inplantazio prozesua landuko dute, eta gero, Oñati osora zabalduko dute, aplikazioa erabiliaz, merkatarien eta herritarren arteko harremana sendotzeko helburuarekin. Horretarako, formakuntza saioak egingo dituzte orain dendariek. Hain zuzen ere, ekainaren 4an, 5ean, 7an eta 8an egingo dituzte saiook, Euskaldun Berria gelan, 15:00etatik 16:30ak bitartean. Eta, gutxienez, horietako bitara joatea gomendatu dute bultzatzaileek. Bada, euren esanetan, fasez fase gauzatuko da Merkatari. "Formakuntza egiten dutenean, jarraipen bat egingo diegu komertzioei, dendetara joanez. Azken faserako proba bat prestatu dugu, ikusteko denok ondo erabili eta ulertzen dugula aplikazioa", dio Amutxastegik.
Herriko komertzioari bultza egiteko estrategiaren baitan kokatu du egitasmoa Ana Martinek, Turismo eta Sozioekonomia Saileko zinegotziak, eta baikor azaldu da aurrera begira izan dezakeen harrerarekin. "Komunikaziorako aplikazio bat da eta merkataritza elektronikoaren errealitatean tokiko dendariak kokatzeko tresna interesgarria dela iruditzen zaigu", adierazi zuen aurkezpen ekitaldian Udaleko Enplegu teknikariak, Unai Kortabarriak.