Jardunaldien irekiera ekitaldira Quim Torra zen etortzekoa memoria lekuen gaineko hitzaldia eskaintzeko. Haren ezin etorriaren aurrean gonbidatu zuten Furió valentziarra, eta hain zuzen Torrari, Generalitateko presidenteari, eta Kataluniari erreferentzia eginaz hasi zuen ekitaldia. Ondoren, historiaren eta memoriaren artean dagoen aldea azaldu zien elkartutakoei, eta memoriak duen garrantzia nabarmendu: "Norbanakoak memoria pertsonala behar duen lez, estatuek eta herrialdeek memoria kolektiboa behar dute esistitzeko", eta gaineratu zuen: "Egindakoa gogoratu barik ez ginateke gu izango. Amnesian murgilduta etorkizunik ezin da eraiki".
Sancti Spiritus unibertsitateko aretoan Oñatiko alkate Mikel Biainek egin zien ongietorria Nabarraldeko kideei zein bertara gerturatutakoei, eta memoria berreskuratzeak duen garrantzia aipatu zien, beti ere, begirada etorkizunean jarrita.
Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsorok ere gaiaren garrantzia nabarmendu zuen. Eta jardunaldion zuzendari den Nabarraldeko Luis Mari Martinez Garatek aipatu zuen "memoriaren praktika falta, teorikoa zein praktikoa" dagoela. "Memoria lekuak ez dira betierekoak eta landu egin behar dira. Geureak diren erreferentziak behar ditugu", adierazi zien elkartutakoei.
Hitzaldiak eta mahainguruak
Gaur, zapatua, hitzaldi asko izango dituz; besteak beste Zugarramurdiko sorginak, Nafarroako gazteluak eta karlistadak izango dira berbetarako gai hainbat historialari eta unibertsitateko irakasleen eskutik.
Antolatzaileak oso pozik agertu dira jardunaldiak sortu duen ikusminarekin: "90 lagun inguru elkartuko gara; egia da, 20ren bat Nabarraldekoak izango garela baina gainerakoak ez. Eta izena emandako asko hemengoak, Debagoienekoak dira; horrek erakusten du gaiaren gainean badagoela interesa", zioen Angel Rekaldek, Nabarraldeko zuzendariak, ekitaldi hasieran.