Nabarraldeko Angel Rekalderen esanetan, historian zehar izan diren gertaeren eszenatokiez jardungo dute maiatzaren amaieran Oñatin egingo dituzten jardunaldietan: "praktika hori egiten da munduan zehar baina ez horrenbeste Euskal Herrian. Hemen oso historia aberatsa, trinkoa, dugu baina ez dugu ezagutzen. Kontzeptu hori jaso eta landu gura dugu Oñatiko saioetan. Hori izango da gure lehenbiziko asmoa edo helburua eta horrekin batera, historiari errepaso bat egitea".
Ekarpena
Euskal Herrian memoria lekuak badaudela dio Rekaldek, Amaiur, Orreaga eta Gernika, adibidez. "Gernikaren bonbardaketa, abestia, margolana... ditugu, baina han gertatutakoa besteek errekonozitu dutelako ezagutzen dugu, esaterako, Picassoren bitartez. Guk planteatzen duguna da gure historia geuk jorratzea eta horretan jartzen garenean konturatzen gara toki pila bat daudela, klasikoaz gain".
Maiatzaren 20an hasiko dira jardunaldiak eta Mikel Biain alkateak esan duen moduan, punta puntako historialariak eta adituak etorriko dira Oñatira. "Hemen egingo den kongresu honetan aterako diren ondorioekin, herri moduan ezkutuan dagoen historia horri ekarpen garrantzitsu bat egingo zaiola uste dut", adierazi du Biainek aurkezpen ekitaldian.
Gonbidapena
Alkateak esan duen moduan ez da lehen aldia Oñatiko Udalak eta Nabarraldek elkarlanean aritzen direna. Oraingoan, gainera, herriko historia zaleek ere euren interesa agertu dute ekimena egiteko eta beste eragile batzuek ere parte hartuko dute. Aloña Mendirekin, esaterako, irteera antolatu dute Orreagara.
Erakusketa bat ere egongo da, euskarari buruzkoa. Izan ere, Angel Rekaldek zehaztu du memoria lekuak ez direla bakarrik fisikoak. "Batzuetan in-materialak dira eta hor ere sartuko gara. Euskara, adibidez, memoria gunea da. Emozioa, identitatea transmititzen da hor eta hori lantzeko aukera ere izango dugu", argitu du Nabarraldeko kideak.
Irteera eta erakusketaz gain, hitzaldiak eta mahai inguruak ere egongo dira, adibidez. 26ko egun osoko jardunerako akreditatu egin behar da eta izen-ematea zabalik dago www.nabarralde.eus atarian. Beste ekitaldietara joateko deialdia ere egin du Nerea Zubia zinegotziak: "herritarrak eta inguruko herrietakoak animatzen ditugu parte hartzera".