Beatles-en kantuak abestuko dituzte domekan Ganbara Faktoriakoek

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko mai. 21a, 15:49

Bazkide kontzertua eskainiko du domekan Ganbara Faktoriak 19:00etan San Migel parrokian. Ganbara osatzen duten abesbatza guztiek hartuko dute parte aurtengoan eta Yesterday, Hey Jude edota Yellow submarine kantuak izango dira entzungai. Hainbat bakarlari ere izango dira. Sarrerak Txokolateixan daude salgai.

Urtero egiten du Ganbarak bazkideei zuzendutako kontzertu bat eta aurtengoan Ganbarako talde guztiek hartuko dute parte; Ganbara Txikitxoak, Ganbara Txiki, Hots abesbatza eta Ganbara abesbatza taldeek eskainiko dute zuzenekoa eta bakarlari batzuk ere izango dituzte. Horiez gain, pop-rock banda txiki bat ere izango dute laguntzen, bateriarekin, baxuarekin eta pianoarekin. Guztira, 133 lagunek hartuko dute parte kontzertuan.

Ganbararen proiektua sendotzeko asmoz, Kultura Elkarrekin egitasmoa jarri zuen martxan abesbatzak 2013an. Egun, egitasmo horren bitartez, ia 100 bazkide ditu Ganbarak; 22 lagun eta 73 bazkide, eta gustatuko litzaieke bi urte barru 120 inguruko bazkide taldea izatea. Oñatiko Udala eta ULMA ohorezko bazkideak dira. Guztien laguntasuna eskertzeko izango da domekako bazkide kontzertua.

Hala ere, ez da bazkideendako bakarrik izango, herritar guztiendako baizik, eta sarrerak salgai egongo dira zortzi eurotan, Txokolateixan, zapatu eguerdira bitartean. Kontzertu egunean parrokiaren sarreran ere salduko dituzte. Emanaldia domekan, hilak 27, 19:00etan izango da San Migel parrokian.

Iazko balorazio positiboa

Urteko balantzea ere egin dute. Ganbara Abesbatzak, esaterako, 2017an hogei ekintzetan parte hartu zuen; Tours-eko lehiaketa internazionalean adibidez, lau sari eskuratuz. Aurtengo, berriz, hamabost ekintza aurreikusten dituzte, tartean, uztailean Hungariako lehiaketa internazionalean parte hartuko dute. Eta gainera, 25. urteurrena ere ospatzen hasiko dira. Hauxe adierazi du Ganbarako zuzendari Aitor Biainek: “Ganbarak 25 urte betetzen ditu. Berez ospatzeko urtea 2019a izango da, baina ospakizun batzuk 2018 bukaerara aurreratuko ditugu. Adibidez, disko baten grabaketa egingo dugu”.

Txikiagoek, berriz, 2017an 25 ekintzatan parte hartu zuten; Pinotxo hariekin lotu gabe musikala izan zen tartean. Aurtengo, hamahiru ekintza aurreikusten dituzte. Batzuk dagoeneko egin dituzte, Arkeologoak adibidez, eta hurrengo hilabetean izango dute proiektu indartsua, Kalean programaren barruan: Euskal mitologia, gure historia izenekoa. "Hau izango da ziurrenik Ganbarak egin duen proiekturik potenteena edo konplikatuena. Izan ere, kanpoan egingo den proiektu bat izango da, euskal mitologiako pertsonaiak landuko dira, eta guretzako erronka handi bat da orain arte kalean egin izan diren proiektuak baino formatu handiagokoa izango delako", azaldu du Bianek.

Orain dela bi urte sortu zen ahots zurien Hots Abesbatzak, ostera, 5 ekintza izan zituen 2017an, eta aurtengo 8 aurreikusten dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak