Euskararen plan berria lantzen hasi da Oñatiko Udala

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko mai. 10a, 11:24

Non eragin gura den eta lehentasunak zeintzuk diren jasoko ditu, besteak beste, Euskararen Plan Estrategiko berriak eta horretarako egun euskarak Oñatin bizi duen egoeraren argazkia atera gura dute. Inkesta bat prestatu dute herritarrek erantzuteko.

Joan den urtean, 2017an, bukatu zen euskararen azken Plan Estrategikoa eta berriaren nondik norakoak azaldu dituzte astean. "Aro hori amaituta, tokatzen zaigu hurrengoa diseinatzea, ekintza horien definiziora iritsi eta plana garatzea. Bost urteko plangintza izango da oraingoa, 2018-2022", azaldu du Nerea Zubia euskara zinegotziak.

Diagnosia

Fase bat baino gehiago izango ditu Plan Estrategikoak eta lehenengoa aste honetan bertan jarri dute martxan. "Lehen urratsa egungo egoeraren diagnosia, erradiografia egitea da. Informazioa batu behar dugu eta horretarako bide ezberdinak erabiliko ditugu: batetik, herritar batzuei elkarrizketa zuzenak egingo dizkiegu eta bestetik, internet bidez aukera egongo da galdetegi bati erantzuteko", zehaztu du Zubiak. Euskara teknikari Xabier Zabaletak gaineratu duen moduan, dagoeneko hasita daude elkarrizketa zuzenak egiten: "Hamar egingo ditugu, arlo ezberdinetan diharduten herritarrei. Adibidez, kirolarekin, hezkuntzarekin, gazteekin eta enpresa batean lana egiten dutenak; baita udal euskaltegian euskara ikasten ari den bati ere".

Erabilera

Herritar denei zuzendutako galdetegi bat ere prestatu dute. Interneten jarri dute, udal webgunearen atarian. "Maiatzaren 10etik 24ra egongo da aukera horko galderei erantzuteko. Anonimoak izango dira erantzunak, baina aukera jarri dugu gura duenak bere helbide bat jartzeko prozesu guzti honen berri izan dezan", dio Zabaletak.

Lehen fase honetan, beraz, datuak batuko dituzte eta euskarak egun Oñatin duen egoeraren argazkia aterako dute. Horrekin, Plan Estrategikoa idazten hasiko dira; ikusten non eragin gura duten eta lehentasunak non jarriko dituzten. Horretarako, Elhuyar-en laguntza izango dute. Eurekin egingo dute hasierako zirriborroa eta batutako datuak herritarrekin partekatuko dituzte egingo duten bilera ireki batean, jasotakoa zabaltzeko eta lehentasunak markatzen hasteko. Handik Euskara Batzordera pasako da egindako lana eta han aztertuko eta landuko dute. Asmoa da uztaileko osoko bilkuran udalbatzak onartzea euskararen Plan Estrategiko berria.

2016an egin zen azken kale neurketa Oñatin eta erabilera %65,8an kokatu zen. Ezagutzaren datu orokorrak %77,9an jarri du euskaldunen kopurua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak