Eskola kirola sustatu eta kudeatzeko elkartea sortu dute herriko hiru ikastetxeek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko mai. 9a, 12:08

Oñatiko eskola kirola sustatu eta kudeatuko duen elkartea sortu dute herriko hiru ikastetxeek elkarlanean: Oñatiko Eskola Kirola eta Hezkuntza Elkartea. 2018-2019 ikasturtean jarriko dute martxan programan. Aldaketa horien guztien berri emateko ikastetxeetan aurkezpenak egingo dituzte hurrengo astean.

Udalak 2014-2015 ikasturtean Oñatiko kirol plana egin zuen, eta horren barruan eskola kirola ere landu zen. Han ondorioztatu zen eskola kirolak Oñatin parte-hartze handia duela –%80 ingurukoa, eta nabarmentzekoa da nesken presentzia–; hori horrela izanda ere, beste hainbat ahulgune identifikatu zituzten. Horietako bat izan zen aste barruko eta aste bukaerako saioen artean ez zegoela loturarik. Gainera, eskola kirolerako ez zegoela helbururik finkatuta ikusi zuten.

Elkartearen helburua

Horri horrela herriko hiru ikastetxeek apustu garbia egin dute eskola kirolaren alde. Elkarte ofiziala eratu dute, helburu garbiarekin: "Oñatin eskola adinean dauden ikasleen heziketa integrala lortzeko Eskola Kirola egitura bat sustatzea", azaldu du Iokin Garaik, elkarteko Lehendakariak.

Helburu horrekin batera euskara bultzatzea, kirol modalitate ezberdinak ezagutaraztea, kirola eginez gozatzea eta bizimodu osasungarria sustatzea ere badira elkarte berriaren helburuak.

Irudia eta esanahia

Elkarteak Jabier Erostarbek egindako irudia dauka. Irudi horren bitartez eskola kirolaren balioak irudikatu gura izan dituzte: "Unibertsala, berdintasunezkoa, integratzailea, eskuragarria eta iraunkorra", dio Jone Larreak, Txantxiku Ikastolako Koodinatzaileak. Kirol aniztasuna eta jokoa eta jolasa ere irudikatzen du logoak.

Kirol programa

Eskainiko duten kirol programa 2018-2019 ikasturtean jarriko dute martxan. Aldaketa nagusia lehen hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailan egongo da. "1+1 eskaintza izango dute; hau da, astegunetan saio bat eta asteburuan beste bat", adierazi du Elkar Heziko Koordinatzaile Ismael Zubiak. Modu horretan aste barruko eta aste bukaerako saioen arteko lotura bermatuko dute.

Gurasoendako aurkezpenak

Gurasoendako aurkezpenak egingo dituzte aldaketen berri emateko. Hurrengo astean izango dira saioak, herriko hiru ikastetxeetan. Txantxiku Ikastolan maiatzaren 15ean izango da; Urgainen maiatzaren 16an; eta, Elkar Hezin maiatzaren 17an. Saio guztiak 18:00etan izango dira.

Ikuspegi hezitzailea

Eskola kiroleko koordinatzaile Egoitz Atxagak nabarmendu du ikuspegi hezitzailea eskola kiroleko arlo guztietara hedatzeko ardura izango duela. Hiru lan lerrotan bideratuko du: ikasleekin, hezitzaileekin eta epaileekin. "Gurasoekin lanketa egingo dugu guztiok helburu berdinarekin lan egiteko", azaldu du.

Aurrekontua eta kuotak

HH5 Jolas Hezi (psikomotrizitatea) Astean bi saio 60 euro
LH 1-2 Jolas Hezi (jolasak) Astean bi saio 60 euro
LH 3-4 Multikirola eta Mendi programa

1+1 eskaintza

85 euro
LH 5-6 Multikirola eta Mendi programa

Astegunetan saio bi eta asteburuan bat

1+1 eskaintza

85 euro

60 euro

DBH 1-4

Multikirola

Fitness jarduerak

Tenis txapelketa

Asteburu bateko eskaintza  



Datorren ikasturtera eskola kirolak izango duen aurrekontua 110.000 eurokoa da. Kopuru horren %30a izen-emateen bitartez lortzea espero dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak