Azaldu dute adostasunez hartutako erabaki bat dela, salto kualitatibo bat herritarren parte-hartzea bultzatzeko egiten ari diren saiakeran. Gobernatzeko modu berri bati lotutako erabakia ere badela gaineratu du Mikel Biain alkateak. Lourdes Idoiagak, bestalde, prozesu honetatik aterako diren proiektuak lotesleak izango direla adierazi du.
Herritarrek etxeetan banatuko dituzten esku orrietako fitxak postontzietara botaz edo datorren astean hasiko dituzten saio irekietan proposatu ahal izango dituzte euren proiektuak. Oñatin erroldatutako 16 urtetik gorako norbanakoek egin ahal izango dute. Idoiagak azaldu duen moduan kanpoan geldituko dira udalaren printzipio orokorren kontra daudena, hala nola berdintasunaren edo euskararen aurkakoak, adibidez. Aldundiaren edo Mankomunitatearen konpetentziakoak direnak ere ez dituzte sartuko, baina bai kontuan hartuko. Ahalik eta proiektu gehien egite aldera, 80.000 eta 120.000 arteko bi proiektu bakarrik hartuko dituzte.
Dagoeneko izendatuta dagoen herritar talde batek bermatuko du proiektua eta udal ordezkariez osatutako beste talde batek egingo dio jarraipena.
Konpromiso politiko honez gain, etxez etxeko zerbitzuaren gaineko Udalaren eta Aldundiaren arteko hitzarmena sinatzea ere adostu zuen udalbatzak aho batez. Baita ingurumen eta landa garapen sailak kudeatzen dituen diru laguntzen oinarriak ere.
2019an irailaren 9a jai eguna
Azkenik, datorren urtean, 2019an, irailaren 9a jaieguna izatea ere erabaki zuten zinegotziek. Jaurlaritzak eskatu dio Udalari datorren urteko egutegian herriko jaieguna zein izango den erabakitzea. Egun hori San Migel eguna, irailak 29a, izaten da normalean baina hurrengo urtean domeka da egun hori eta horregatik erabaki dute jaieguna irailaren 9a, Arantzazuko Amaren eguna, izatea.