'Harittu' prozesua aurkeztu du Oñatiko EH Bilduk, lokal berria inauguratzeaz batera

Eneko Azurmendi 2018ko api. 21a, 17:10

"Jauzi kualitatibo bat emateko garaia" dela uste du Oñatiko EH Bilduk, eta "horri erantzutera dator" Harittu prozesua, koalizio abertzaleko kide den Igor Tomeren esanetan. Helburua da "EH Bildu koalizio bat izatetik komunitate bat izatera pasatzea". Horrez gain, lokal berria ere inauguratu dute Kale Barrian.

Harittu prozesuak, EH Bilduko komunitatea osatu, sendotu eta harittutzeaz gain, Oñatirentzako etorkizuneko perspektiba edo ortzi-muga zehaztera datorren egitasmo bat izan nahi du", koalizioaren esanetan.

Tomek azaldu du prozesuaren abiapuntuan hausnarketa bat dagoela. "2010ean estrategia aldaketa bat eman zen, Nazio Askapenerako estrategian, eta indar metaketan oinarritutako estrategia bat martxan jartzea izan zen helburua. Ordutik, bi legealdietan gobernatzen ari gara eta orain arte egindakoaren balorazio positiboa egiten dugun arren, jauzi kualitatibo bat emateko garaia dela uste dugu, eta horri erantzutera dator Harittu prozesua".

Koalizio bat izatetik, komunitate bat izatera pasatu nahi du Oñatiko EH Bilduk, "sentsibilitate desberdineko ahalik eta jende gehien saretzeko eta espazioa zabaltzeko".

Prozesuak hiru lan lerro politiko nagusi izango ditu: Herritarrak Erdigunean, Aldaketan Sakondu eta Alternatibaren eraikuntza.

Lehenik herri diagnostiko bat egin gura dute. Ondoren, diagnostiko horretatik abiatuta, ekintza plan bat egitea dute xede. "Ekintza plan hori bi adarretan bereiziko litzateke. Batetik, ekintza instituzionalak, Herri Programan jasoko direnak eta bestetik, adar soziala. Hori egin ostean, zerrendaburua aukeratu eta zerrendak egingo ditugu", zehaztu du Tomek.

Hala ere, garbi utzi nahi izan du prozesu hau ez dela hauteskundeetara mugatzen. "Ez dugu nahi soilik udaletxeko gestiora mugatzerik, bestelako lanketa batzuk egitera ere pasatu gura dugu".

Lokal berria

Harittu prozesua aurkezteaz gain, lokal berria ere inauguratu du koalizio abertzaleak, Kale Barrian, Kiku gozo-dendaren eta Arrano tabernaren artean. "Herriko erreferentzia gune bat izan nahi du lokal honek. Ideiak partekatzeko, eztabaidatzeko, elkar ezagutzeko eta proiektu politiko hau indartzen joateko gunea", nabarmendu du Tomek.

Halaber, gaineratu du herritarren arteko indar metaketa bat eta saretze prozesu bat eman beharrean daudela. "Seguru gaude oñatiar gehienek EH Bilduren proiektu politikoarekin bat egiten dutela, baina urrun gaude potentzialki daukagun indar hori saretzetik eta martxan jartzetik. Beraz, pixkanaka hori saretzen joatea nahi dugu eta horretarako tresna bat gehiago da lokala".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak