Egindakoa erakusteko momentua iritsi da Irazan antzerkigunekoendako. Azken hilabeteetan buru-belarri jardun dute Moganbo kabaretarekin, agertokitik jaitsita, entseguetan murgildurik. Eta bihar bukatuko dute fase hori, kabaret ikuskizunaren estreinaldiarekin; 22:00etan hasiko dute emanaldia, gaztelekuan. Eta sarrerak Txokolateixan daude eskuragai –5 eurotan eros daitezke–.
Hain zuzen ere, Irazanekoek esketx ezberdinekin eraiki dute ikuskizuna; hainbat gai jorratuko dituzte horien bidez. Hala, besteak beste, beldur eszenikoa, konplexuak eta fobiak izango dituzte jorragai. Eta, halakoak ondo baino hobeto ikusarazi guran, entseguetan murgildurik jardun dute azken hilabeteetan. "Ikuskizunak lan handia daroa soinean. Entsegu orokorrez aparte, nork berea landu behar izan du etxean", dio Malen Perez de Arenazak, Irazaneko kideak.
Hori horrela, egindakoa erakusteko "gogoz" dira antzerkigunekoak; hori bai, barruan dute ikuskizun bat estreinatzeak dakarren "urduritasun puntu hori". Finean, gaur arte, landu bako generoa zuten kabareta. "Berria da guretzat. Uztartu beharreko alderdi asko ditugu: gidoia, dantza, eta abar", aitortu du Aiert Alberdik, Irazaneko kideak. Horrenbestez, egokitu zaien pertsonaia euren egitearekin ez dute aski izan.
Abestiak, dantzak...
Esan moduan, asko dira kabaretaren jokoan sartzen diren alderdiak. Eta horietako batzuk sortu edo moldatu beharra izan dute Irazanekoek. Tartean, eurek idatzi dituzte kantuen letrak, euskaraz. "Gidoia egin ostean, horretara egokien egokitu zitezkeen abestiak aukeratu genituen. Eta letra aldatu diegu horiei", azaldu du Josu Zubiak, Irazaneko kideak. Betiere, bere horretan mantendu dute kabareten estiloa: "Zuzena izan behar duzu gauzak esateko edo kantuak abesteko momentuan; zatarra, neurri batean".
Eta, bestetik, eurek sorturikoak dira Moganbo ikuskizuneko koreografiak ere. "Koreografia indartsuak egiten ahalegindu gara; abestien erritmora egokituz, betiere. Izan ere, kabaretak bi muturrekin jolasten du sarri; abesti indartsuez aparte, lasaiagoak ere badaude, beraz", argitu du Danel Teranek, koreografoetako batek. Bestalde, objektuekin ere jolastu dute: objektu ezberdinak darabiltzate ikuskizunean, dantzen artean aldea egon dadin. "Horrek harik eta nortasun handiagoa ematen dio esketx bakoitzari", diote.