342 lagunek parte hartuko dute lasterketan; horietatik 127 debagoiendarrak izango dira. Dagoeneko ez dago izena emateko aukerarik, izen-ematea zabaldu eta bi ordutan agortu ziren dortsal guztiak-eta. Hori ikusita, korrikalari kopurua handitzeko asmorik duten galdetuta, ezetz diote antolatzaileek: "Batetik, natura errespetatu behar dugulako, eta bestetik, korrikalariak zaindu behar ditugulako", azaldu du Maite Anton antolatzaileak.
22 kilometroko ibilbidea
Lasterketako ibilbidea azkeneko urteetakoa izango da, 22,6 kilometrokoa eta 1868 metroko desnibel positibokoa. Federazioak horrela erabakita kadete mailako korrikalariek Belarren izango dute irteera puntua. Lehenengo korrikalari multzoa hara iristen denean irtengo dira kadeteak.
Lasterketa egunean eguraldiari begira egongo direla diote antolatzaileek; hala ere, beste elurteren bat egingo balu ibilbide alternatiboa gertu dute antolatzaileek. Gainera, "korrikalarien segurtasuna bermatzea" dela garrantzitsuena nabarmendu dute; hori horrela, soka finkoak jarriko dituzte gailurrerian.
Eskerrak herritarrei eta babesleei
Prentsaurrekoa baliatu dute "eskerrak" emateko, batez ere herritarrei eta babesleei: "150 bat lagun ibiliko dira laguntzen, eta eskerrak eman nahi dizkiegu".
Borja Moiua kirol zinegotziak ere lasterketa horrek herrian duen oihartzuna nabarmendu du: "Berezia da, eta mendiaz disfrutatzeko aukera ematen du. Ibilbidean zehar lasterketa ikusteko toki asko daude, eta denetan egoten da jendea. Herritarrak animatu nahi ditugu lasterketa ikustera, eta nola ez, baita kanpokoak ere".
Kirol-jertseak salgai
Egunean bertan, herriko plazan, ume eta gaztetxoei zuzendutako lasterketa egingo dute; eta, aurreko egunean, zapatuan, espeleo txiki egingo dute Arrikrutzen. Gainera, aurten, Aloñako Igoerako kirol-jertseak atera dituzte; bada, Arrikrutzen daude salgai 25 eurotan. Apirilaren 14an kiroldegian jarriko dituzte salgai eta egunean bertan plazan ere salduko dituzte.