Udal etxebizitza tasatuen alokairua arautzeko, ordenantza aldaketa Oñatin

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko api. 5a, 15:28

Hamaika urte pasa dira, 2007an, Oñatiko Udal etxebizitza tasatuen ordenantza onartu zenetik. Horrek batez ere etxebizitza horien salmenta arautzen zuen, baina ez zuen kontuan hartzen alokairuan jartzea. Orain, baina, horien alokairua sustatzeko, ordenantza aldatzea onartu du udalbatzak aho batez.

Udal etxebizitza tasatuen ordenantza indarrean jarri zenetik hamarkada oso bat pasa da dagoeneko, eta esleidun batzuen bizitzaren egoera aldatu egin da; salmenta egin zenetik, beste kokapen edota beste etxebizitza handiago batera joateko beharra izan dute, adibidez. Horregatik, esleitutako etxebizitza tasatua erabili ezinik gelditu dira batzuk eta horri inolako errentagarritasunik ateratzeko ahalmen barik, berriaren finantziazioan lagundu ahal izateko baldin bada ere.

Egoera berri hori ez zen orain arte indarrean egon den Udal ordenantzan aurreikusten, izan ere, nahiz eta salmentak araututa egon, ez zuen alokairua kontutan hartzen.

Martxoko osoko bilkuran, baina, ordenantza aldatzea onartu zuen udalbatzak aho batez, eta aldaketa horretan alokairuan jartzeko baldintzak zehaztu dituzte.

Ugarkalden, Otadui zuhaiztian edota San Martinen daude Udal etxebizitza tasatuak Oñatin. Eta 2007an Udal etxebizitza tasatuen ordenantza herrian onartu zenetik, Legebiltzarrak Etxebizitza Legea onartu zuen, eta horrek, alokairuaren aldeko apustu garbia egiten zuen.

Bide horretan, Euskal Administrazio guztiei deitzen zien gainera, Udal politikak alokairura bultzatzeko. Beraz, Oñatiren kasuan etxebizitza tasaturen bat hutsik geratzeko arriskuan baldin badago, jabeari alokatzeko aukera ematea erabaki dute, betiere Udalaren baimen zehatzen baldintzak betetzen baldin badituzte eta ordenantza aldaketan arautzen diren ezaugarriak betetzen baldin badira. Hauek dira, esaterako, bete beharreko ezaugarrietako bi: maizterrak edo etxebizitza alokairuan hartzen duenak, ezingo du urteko 40.000 eurotako diru-sarrera gainditu elkarbizitza unitate osoa kontutan izanda, eta alokairuagatik errenta kopurua hilero gehienez ere 400 eurotakoa izango da. Hirigintza zinegotzi Irati Etxeberriak horren harira esan du baldintza horiek bermatzen dutela etxebizitza hori merkatu librera atera beharrean, eginkizun sozial bat ematea.

Izan ere, ikusi dute salgai dauden etxe tasatuak saltzea kosta egiten dela, eta alokairuaren aukera jarri nahi izan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak