Emakumeen pilota txapelketak geldialdia egingo du berriro Oñatin. Aurretik, lau t'erdiko bi kanporaketa jokatu ziren. Oraingoan, binakakoak izango dira. "Eibarko finalaren aurretik Oñatin egon gura genuen. Izan ere, Aloña Mendin emakume askok dihardute pilotan, frontoia oso ona da eta beti hartu gaituzke oso ondo hemen", esan zuen aurkezpenean Iker Amarika antolatzaileak.
Aloña Mendik eta Oñatiko Udalak ere gogotsu hartu dute emakume pilotarien txapelketa herrian jokatzeko aukera. "Emakume pilotari taldea izatearen aldeko apustua egin genuen iaz, eta, zorionez, emaitzak lortzen hasi gara. Adin tarte zabaleko pilotariak ditugu, eta bereziki, gaztetxoenak, etorkizuneko pilotariak izango dira", azaldu zuen Josu Osak.
Antzerako berbak erabili zituen Borja Moiua kirol zinegotziak. "Oñati herri kirolaria da. Askotariko probak eta ekintzak egoten dira, baina, emakume pilotariak protagonista dituenak, oraingoz, gutxi dira. Beraz, herritarrak animatu gurako nuke domekan, Zubikoara hurbildu daitezen".
Sarrera, debalde
100 emakume pilotarik hasi zuten Master Cup txapelketa urtarrilean: 42 bikote promozio mailan eta zortzi maila gorenean. Oñatiko finalerdietan, bikote onenak lehiatuko dira. Hauek dira kanporaketak, hurrenkera horretan:
- Promozio mailan: Alaitz Badiola/Oihana Orbegozo - Maddi Unanue/Naroa Agirre
- Lehenengo mailan: Amaia Araiztegi/Maddi Mendizabal - Patri Espinar/Eneritz Arrieta
- Lehenengo mailan: Miren Larrarte/Maider Mendizabal - Olatz Arrizabalaga/Leire Etxaniz
- Promozio mailan: Amaia Vicario-Ainhoa Urien - Nagore Aramendi/Oihana Unanue
Beste modalitate batzuetan ibilitakoak
Emakumezkoen Master Cup txapelketaren jatorria pilota ikastaroetan dago. Beste edozein ekintza moduan, pilota ikastaroak ematen hasi ziren herrietan. "Irakasle batekin eta pilota bigunekin hasten ziren pilotan. Bada, 13-14 urtetara heltzen zirenean, pilota gogorrekin hasi beharra zuten eta pilota uzten zuten. Orduan, palan jokatzen hasten ziren. Oñatin egongo diren pilotari guztiek dute amankomunean eskuz pilotan hasitakoak direla", kontatu du Amarikak.
Emakumeendako egokitutako txapelketarekin hasi ziren orduan. Bikote gutxirekin eta bilakaera itzela izan da: banakakoa, lau t'erdikoa eta binakakoa jokatu dituzte.