Saiei buruz jardungo dute gaur eta bihar Oñatiko kultura etxean

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko ots. 27a, 12:05
Saiak moxala edo behorra jaten Urbian joan den urtean
Gipuzkoako hegazti sarraskijaleen egoera zein den eta sai arreak nola markatzen dituzten eta nola bizi diren azalduko dute gaur eta bihar Oñatiko kultura etxean egingo diren hitzaldi banatan. Oñatin dago sai arreen Gipuzkoako koloniarik handiena.
Hegazti sarraskijalea da aurtengo Ingurumen Jardunaldietako ardatza, eta animalia horrek Gipuzkoan bizi duen egoera eta sai arreek Oñatin duten koloniaz eta egiten dizkieten markatze lanez hitz egingo dute gaur eta bihar kultura etxean.

Orkatzategi

Sai arrea, sai zuria, miru gorria eta ugatza dira, hurrenez hurren, Gipuzkoan dauden hegazti sarraskijaleak. "Horietan, sai arreak du populazio handiena Gipuzkoan, eta ugatzak, aldiz, txikiena. Aralar inguruan bizi den hirukote bat baino ez dago gaur egun", azaldu du Mikel Olano basozainak. Sai arrearen populazioaren zatirik handiena, gainera, Oñatin dago, Orkatzategin. "Inguru horretako parajea, hor dauden harkaitzak, oso egokiak dira kumeak izan eta hazteko. Arroila horiek politak dira eta normala da hor eroso egotea sai arrea. Habitat naturala da gune hori eurendako", dio Olanok.
 
Hegazti horien kontrola bi modutara egiten dituzte basozainek: zentsuak egiten dituzte, batetik, urtetik urtera, eta, bestetik, markatze bereziak egiten dizkiete, eraztunak jartzeaz gain. "Uda honetan ere ibili gara animalia horiek markatzen. Kode bat duten kolore biziko goma antzeko bat jarri diogu hainbati hegaletan. Teleskopio bidez egiten diegu jarraipena", azaldu du Gipuzkoako Aldundiko basozainak. Sistema horren bitartez, sai arreak non ibiltzen diren, kumeak non izaten dituzten eta beraien artean nola moldatzen diren ikusten dute basozainek. Biltzen dituzten datuak ordenagailuan gordetzen dituzte, ondoren publikatzeko. Uda honetan, Orkatzategin bizi diren hamar sai arre gazte eta 50 heldu markatu dituzte goma horiekin.

Mantentzen

Azken 50 urte hauetan hegazti sarraskijaleek Gipuzkoan izan duten eboluzioari dagokionez, kopuruak mantentzen direla dio Olanok, ugatzarena arriskuan dagoen arren. "Europa barruan penintsula da horrelako hegazti gehien dituen lurraldea, eta, horren barruan, kantaurialdean dago multzorik handiena. Ganadua dagoen lursailak behar dituzte bizitzeko, hori da-eta euren elikagaia; hildako animalia horien garbiketa isila egiten dute eta beharrezkoak dira", aipatu du Mikel Olanok.
 
Gipuzkoako hegazti sarraski jaleen inguruko hitzaldia eguaztenean izango da eta Oñatiko koloniari buruzkoa, martitzenean. Biak dira 19:00etan, kultura etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak