San Kristobal gotorlekua kartzela bezala erabili zen garaiko historia, panelen bitartez jaso da Oñatin zabaldu berri duten erakusketan eta hauxe da horietako lehenengo paneletan kontatzen dena, Txinparta elkarteko kide Koldo Plaren esanetan: "Hasierako atxiloketak eta gotorlekuan zeuden bizi baldintza txarrak adierazten dira. Aipatzen dira baita ere oso ospetsua den bertan gertatu zen ihesaldia; preso guztiak 2.000tik gora kalera atera eta horietako 800 inguru Frantziara joan eta horren ondorio txarrak erakusten dira, hiru bakarrik iritsi zirela Frantziara, esaterako".
Ihesaldiaren ostean kartzelan baldintzak pixka bat hobetu zirela gaineratu du Plak eta ospitale penitentzialari bihurtu zen gero. "Garai horretan preso asko kalera irteten dira, beraien etxetara, edo beste batzuk ekarri egin zituzten, gaixorik zeudenak, batez ere tuberkulosia zutenak. Horrek behartu zuen hainbeste hildako zirela-eta hilerri bat bertan egitera", adierazi du.
Azken 131 hildakoak lurperatu zituzten hilerri horretan, eta ezaugarri berezi batekin; botila bat hanken tartean sartuta. Botiletan dokumentuak zeuden sartuta, euren datuekin. "Hori da 2007an aurkitu genuena eta hainbat gorpu atera ditugu hobietatik, orain arte 44 atera ditugu. Identifikatuta daude guztiak, atera ditugunak eta gelditu direnak. Eta saiatzen ari gara familiak bilatzen eta euren familietara itzultzeko saiakeretan ari gara", azaldu du.
Presoen egoerari eskainitako tartea ere badago erakusketan, baita euren senideei eskainitakoa ere. Emakumeen paperari buruzko xehetasun batzuk ere badaude. Eta memoria berreskuratzeko egin dituzten lanen artean, omenaldien garrantzia ere azpimarratu dute erakusketan.
Bi urtetan Donostian, Gasteizen, Iruñan, Madrilen edota Salamankan egon da ikusgai erakusketa. Orain, Oñatin dago eta otsailaren 4ra bitartean izango da zabalik.