Araotz inguruko paisaia plana egiten hasi dira

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko aza. 11a, 08:19

aturabeko presa urez gainezka 2016ko martxoaren hasieran.
Zona horretan eta Arantzazu inguruan dauden argindarra ekoizteko ur elementuak patrimonio moduan hartuta egingo dute plana; ur-jauziak, errotak eta uraren kanala izango dira oinarri, egin behar diren aldaketak identifikatzeko.

Araotz eta Arantzazu auzoetako paisaia plana egiten ari da enpresa bat. Berez, Araotz erreka Arantzazu errekarekin elkartzen den eremua da planak jasoko duen esparrua, zona.

Diagnosia

Argindarra ekoizteko ur-jauziak, uraren kanala eta errotak patrimonio moduan hartuta landuko dute plana. "Hori izango da proiektu honen oinarria. Orain, 2017a bukatu bitartean, diagnosia egingo dute. Hau da, elementu horien guztien egoerak aztertu, mehatxuak identifikatu, indarguneak zeintzuk diren zehaztu eta antzerako datuak jaso beharko dituzte. Hori guztia egin ondoren, ekintza plana idatzi beharko dute. Hau da, egin beharreko interbentzioak zeintzuk diren esan beharko dute eta zer egin behar den zehaztu", azaldu du Udaleko Landa eta Garapeneko teknikariak, Aitor Gerenabarrenak.
 
Paisaia plan hori egiten Ecoin genia enpresa ari da. Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak ematen ditu halako planak egiteko, eta, hori lortzeko, azaroaren 15a aurretik –datorren eguaztena– aurkeztu behar dute orain
arte egin duten lanaren zati bat. "Hori izango da lanaren laburpena edo aurkezpena, nolabait esatearren. Gero, datorren urtean, diagnosi horrek ondorioztatu duena aztertu eta ekintza planen txostena egin beharko dute. Urtebete barru izango da hori, gutxi gorabehera. Udalak jasoko du txosten hori, eta gero aztertu beharko du plan hori aintzat hartu edo ez, eta, hartuz gero, jasotako ze interbentzio egingo dituen eta noiz. Txostenean jasoko dituzten ekintza horiek gutxi gorabeherako aurrekontu bat ere izango dute
idatzita alboan, eta gero, udal ordezkariek erabaki beharko dute ze ekintza egin eta noiz", azaldu du Gerenabarrenak.

Patrimonioa

Paisaia plan hori dokumentu bat da, azken finean, eta hori egiten hasita dago Ecoingenia enpresa. Landuko dituzten ekintza planetan baliteke jasotzea jabe partikularrak dituzten lur eremuetan egin beharreko interbentzioak egitea, eta kasu horietan, egitea erabakitzen bada, jabearen baimenarekin egin beharko dituzte.
 
Oinarri ezberdinak kontuan hartuta egin daitezke paisaia planak eta horrek urarekin lotura duten eremuak eta elementuak hartuko ditu kontuan patrimonio moduan. Horrez gain, ingurumenari lotutako balioak eta balio kulturalak ere kontuan hartuko dituzte plana egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak