Zerbitzuaren aurkezpen egunean bertan hasi zen lanean Katia Reimberg teknikaria. Aurrez aurreko elkarrizketak egingo ditu. Zerbitzua dagoen egun bakoitzean, hiru pertsonarekin. Ordubete bakoitzarekin.
Pertsona bakoitzak duen ikasketaren edo beharraren araberako dokumentazioa aurkeztu beharko da. Horiek aztertu, eta norberak dituen aukerak aztertuko dira. Normalean, hiru. "Ikasketa guztiak hartzen dituen homologazioa izan daiteke. Edo, ikasgai batzuk baliozkotzen dituena, eta, horrek, ikasketak hemen bukatzera behartzen du. Edo, espediente aldaketa izan daiteke", esan du teknikariak.
Zer eta nola egin zehaztu ostean, baliozkotzea edo homologazioa tramitatzeko eskumena duten erakundeetara joateko laguntza emango du Bidez Bidek, eta hori egin ostean, homologazioak aurkezteko formulario guztiak erraztuko dira eta zerbitzura hurbiltzen diren pertsonen jarraipena egingo da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik gorako ikasketak dituen edonork erabil dezake zerbitzua.
Gabonak arte
Urte hasieran, atzerrian egindako ikasketen homologazioari buruz egindako hitzaldi batek piztutako jakin minaren haritik erabaki zuen Udalak zerbitzua martxan ipintzea.
Gabonak arte probatuko dute zerbitzua. Teknikaria hil bakoitzeko hirugarren martitzenean egongo da udal bulegoetan.