Domekarako ibilgailuak kaleetatik kentzeko eskatu du Kilometroak 2017k

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko ira. 20a, 14:29

Garejerik ez duten herritarrek Olaitturrin utz dezakete autoa

Kalegoienako lur azpiko aparkalekua eta Olaitturri ibilgailuak uzteko guneak izango dira. Zapatuan ez da jakien azokarik egingo eta arropena Santa Marinan izango da. Domekan 08:00etatik iluntzera arte egongo da zirkuitua itxita ibilgailuendako. Kiroldegia itxita egongo da domekan eta Arantzazurako autobusa postetxean geltokian bakarrik geldituko da.

Egun osoko jaia egongo da domeka Oñatin. Prestaketak, baina, askoz lehenago hasi dituzte eta herriko hainbat zerbitzutan eragina izango dute. Handiena, zirkulazioan egongo da. Komeni da herri barruko kale eta espazio zabalak traba barik uztea domekarako, hau da, ibilgailu barik. Gomendio nagusia, autoa beharrezkoa den kasuetarako soilik erabiltzea da. Honetaz gain, garajeak dituztenei autoak bertan sartzeko deia luzatzen diete antolakuntzatik. Zirkuituak herriko zenbait kale eta auzo zeharkatzen dituenez, kale mozketak izango dira nonahi, beraz egun horretan herritik ateratzeko asmorik izan ezkero, autoa aldez aurretik erdigunetik ateratzea ere eskatu dute.

Itxita

Garajerik ez duten oñatiarrentzat bi gune berezi egokituko dira euren kotxeak aparkatu ahal izateko: Kalegoienako aparkaleku publikoa doan izango da (68 aparkaleku) eta Olaitturri zapatu goizean irekiko da herritarrentzat (60 aparkaleku). Kilometroetako zirkuitutik kanpo geratzen diren gainontzeko kaleetan dauden aparkalekuak erabilgarri izango dira.

Zirkuituak erdiguneko zenbait kale eta gune zeharkatzen dituenez, bertan seinaleak jarriko dituzte. Zapatuan, 14:00etatik aurrera hurrengo kale eta guneetan ibilgailurik ezin da egon: San Juan kale, Bidebarrieta eta Errementari plaza, Martzelino Zelaia kalea, San Martin auzoan, osasun zentroko aparkalekua,  Eroskiko aparkalekua, MUko aparkalekua, Eltzia (autokarabanentzat gordeko da) eta Zubikoa kiroldegiko lur azpiko aparkalekua.

Domekan

Domekan, 08:00etatik aurrera zirkuitua itxiko da eta Udanako bidea itxita egongo da. Jaia 19:00etan bukatuko da eta jendea atera eta garbiketa lanak egin ostean irekiko dira kaleak zirkulaziora. Egun horretan, Zubikoa kiroldegia itxita egongo da eta Arantzazura doan autobusak geltoki bakarra izango du: postetxea. Zapatuan, bestalde, ez da jaki azokarik egingo eta arropena Santa Marina plazan izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak