Katalogaturik daudenen artean, Oñatiko koba sakonena da Lizartzakoa: Lizartza 1 –berorren esplorazioan dihardutenek kobaren izena ezezagun dutenez, zonaldearen izena jarri diote, "1" zenbakiaz lagunduta– . Bada, gaur-gaurkoz, 242 metro sakon dituzte topografiaturik. AMET Aloña Mendi Espeleologia Taldeko kideek bertara iristeko egin duten bidea, bestalde, 1.188 metro luzekoa da.
Erreferentzia gisa, Lizartza inguruan hasita, Arantzazuko errepidera helduak direla esan daiteke; oraindik, dena den, beherako bidea dute egiteke. "Gesaltzako kobarantz doa bidea. Beraz, oraindik beherago egiteko esperantzaz dihardugu", dio Borja Abarrategi AMETeko kideak. Aurreikusten dutenaren arabera, Lizartza1 koba Gesaltzakoarekin loturik egon liteke.
Beraz, aurrera begira, hasia duten bidea jarraitzea dute helburu; eguraldiak utzi bitartean, noski. "Batez ere, udaberriaz geroztik dihardugu Lizartzako kobaren esplorazioan murgildurik, beraz, oraindik ez dakigu eurite garaian noraino igoko diren errekak. Erreken mailaren hazkundeak gure jarduna oztopatzen du sarri", azaldu du Abarrategik. Gauzak horrela, eurite garaia heldu bitartean, ahalik eta eremu zabalena aztertzea gura dute AMETeko kideek; gauzak horrela, horretan buru-belarri jardungo dute irailetik urrira bitartean.
Gaur egun aktibo dagoen koba da Lizartzakoa: Aloña mendiaren inguruan baturiko ura jasotzen du, erreka batera eramanez. "Uste dugu Arantzazuko errekako arrora eraman dezakeela Aloña inguruan bilduriko ura. Finean, ur hodia balitz bezala dihardu", argitu du Abarrategik. Orain artean, hiru erreka bide ikusi dituzte kobazuloan.
Esplorazioa, bide nagusian
Gaur-gaurkoz, kobazuloaren bide nagusia esploratzen dihardute, gainerakoak alde batera utzita –momentuz–. "Orain, kobaren sakonera jakitea da helburu nagusia. Hori lortuta, Lizartza 1-ek dituen gainerako bideak aztertzen has gaitezke", esan du Abarrategik.
Aipatu beharrekoa da, bestetik, jauzi asko dituen bidean dihardutela. Kasuak kasu, atzera egin beharra ere izan dute sokak bidea jarraitzeko gura besteko luzera ez zuelako. Eskura duten materialak utzi bitartean, bestetik, ordu askoko esplorazio jarduna egin ohi dute. "Azken irteeretan ordu asko egin ditugu kobaren barrenean. Azkena, 16 ordu pasakoa izan zen, esaterako; 10:00etatik 2:30era bitartean egon ginen koba barruan", azaldu du Abarrategik.
Esplorazioa berrekinda
Esan beharra dago AMETek 2002an ekin ziola Lizartza 1 kobazuloaren esplorazioari. "60 metroko sakonera topografiatu ostean, esplorazioa eten genuen, eremu horretan aurrera egiteko traba aurkitu genuelako", dio espeleologia taldeko kideak. Dena den, puntu horretan haize korronteak atzeman zituzten; eta, aurrera egiten saiatzea erabaki zuten duela hainbat hilabete.
Tartean, ordea, AMETek ez du bere jarduna eten. "Aizkorri-Aratz natura parkearen inguruko kobak aztertzen ibili ohi gara. Balio handiko eremua da: 1.000tik gora ditugu katalogaturik", dio Abarrategik. Beraz, AMETeko kideek koba asko dituzte aztertzeke.