Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa eta Kilometroak 2017, elkarren eskutik

Miren Arregi Amasorrain 2017ko ira. 7a, 14:35

Irailaren 24an ospatuko da Oñatin, 58. Oñatiko Nazioarteko Artzain Txakur Lehiaketa, Gipuzkoako Ikastolek, Kilometroak 2017 jaia ospatuko duten egun berean. Oñatiko Santa Lutzia zelaian eman dituzte antolatzaileek gaur, txapelketaren gaineko xehetasunak.

Oñatiko San Migel jaiak direla-eta, Gipuzkoako Ikastolen aldeko festa astebetez aurreratu da eta hala, bat egin du Oñatin 58.ez egingo den Nazioarteko Artzain Txakur Lehiaketarekin. Bi festek elkar elikatuko dute, biak ere, irailaren 24an egingo baitira. Gainera, Artzain Txakur Txapelketa egingo den Santa Lutziako zelaia Kilometroak 2017ko zirkuituaren barruan egongo da.

Kilometroak 2017ko antolatzaileek adierazi dutenez, “aurtengo Kilometroak eguna herritarrekin batera antolatzea izan da helburua eta hori horrela, bi antolakuntzek elkarlanaren bideari ekin diote”.

Aipatu bezala, Santa Lutzia zelaia Kilometroak eguneko bigarren gunean kokatzen da. Bigarren hori, etxeko gaztetxoenendako gunea izango da eta hori horrela, txapelketaren antolatzaileek uste dute, erakusleiho polita izango dela: "Inoiz txapelketa ikusi ez dutenek edo txapelketa ezagutzen ez dutenek artzainen lana ezagutzeko aukera izango dute. Bereziki, gazteengana heldu gurako genuke”, diote.

Aurten, dohain

Hala, Kilometroak 2017ko ibilbidea hasi eta bigarren gunean sartzen den edonork izango du txapelketa ikusteko aukera. Hori  da aurtengo berrikuntza nagusia, alegia, Santa Lutziako zelairako sarrera, doan izango dela.  “Azpiegitura aldetik oso zaila zen Ikastolen aldeko jaia eta txapelketa bereiztea eta sarreratan kontrola egitea. Hori horrela, aurten doan izango da txapelketarako sarrera”, diote antolatzaileek.

Txapelketaren nondik norakoak

Irailaren 24an, beraz, 10:30ean, hasiera emango zaio nazioarteko txapelketari. Aurtengoa 58. edizioa da. 1955. Urtean ospatu zen lehenengoz txapelketa. Bost urteko etena izan zuen txapelketak, 1961etik 1967ra bitartean eta ordutik, urtero-urtero ospatu da.

Guztira 14 bat txakur arituko dira lehian aurtengo txapelketan. Horien artean daude iazko txapeldun Marcel Uhalde, Euskadiko txapelduna eta azpi-txapelduna, Arabako txapeldun Fidel Alonso, Gipuzkoako Txapeldun Jose Mari Bengoa, Nafarroako txapeldun Antonio Alustiza, Bizkaiko txapelduna, Iparraldeko Roger Jauretxe, Balear Uharteetako Miguel Adrover, Castellongo Juli Vayot, Tarragonako Jose Mari Pleguezuelos eta Bartzelonako Hilario Novillo, besteak beste.

Arrazari dagokionez, barietate desberdineko txakurrek hartuko dute parte. “Betiere, txakurrik onenen presentzia izango da Oñatin”. Egun horren, gainera, egiaztatu ahal izango da euskal artzain txakurra zenbateraino hobetu den.

Bi ariketa

Txakurrek, beti bezala, bi ariketa egin beharko dituzte. Lehenengoan, aurretik zehaztutako ibilbide batean ibili eta epaimahaiak aukeratutako hesi-tartetik pasa beharko dute artaldea. Bigarrenean, artaldea hartu eta zelai erdian dagoen eskortan sartu beharko dute.

Erronkako finalak, txapelketari keinu

Ez dira ordea, Santa Lutzia zelaiko ekintzak goizean egingo den Artzain Txakur Lehiaketarekin bukatuko, izan ere, Erronkako –Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako Ikastoletako DBHeko mailetako gazteentzako proba– finala, han bertan jokatuko da.

Hala, Erronkak keinu egingo dio Artzain Txakur Txapelketari, finalean, txapelketa hori irudikatuko baita, beste proba osagarri batekin.

Trafikoan aldaketak

Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa egingo den Santa Lutzia zelaia Kilometroak 2017ren zirkuitu barruan egonik, ezin izango da egun horretan bertaraino autoz joan. Hori horrela, onena, Oñatira bezperan joatea dela adierazi dute antolatzaileek. Bestela, egunean bertan, Elorregitik Oñatiko San Pedro auzora bitartean egokituko diren aparkalekuetako baten utzi dezakete autoa bisitariek. Aparkalekuetatik autobusak egongo dira uneoro, herrigunera. Herrigunetik oinez igo beharko dira San Martingo gunera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak